argia.eus
INPRIMATU
Erdizko lurrei buruz galdeketarik ez dute egingo Baztanen, eta demokrazia falta salatuko dute
  • Baztango hamalau herritan azaroaren 20an herritarrei galdetzeko asmoa zuten ea Magna enpresak Erdizko lurrak meatzaritzarako erabiltzea nahi zuten ala ez. Espainiako Gobernuak debekatu egin ditu galdeketak. "Bidegabekeria" salatzeko batzarrak egingo dituzte herrietan eta elkarretaratzea Elizondon 17:00tan. 

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 15
Batzarrak eta elkarretaratzea iragarri dituzte Baztango alkateek Espainiako Gobernuak galdeketak debekatu dituela salatzeko. /Argazkia: Erran.eus

Baztanen azaroaren 20an egitekoak ziren Erdizko lurrei buruzko galdeketak debekatu egin ditu Espainiako Gobernuak, eta astelehenean hamalau herritako alkateek jakinarazi zuten galdeketak ez baina batzarrak egingo dituztela, eta egun berean elkarretaratzea egingo dute 17:00etan Elizondon.

Erran.eus hedabideak jaso moduan, alkateek salatu dute “eztabaida ez dela harrobia bai ala ez”, baizik eta “benetako parte hartzea eta demokrazia” direla kontuak. Demokraziaren sinbolo bezala, herritarrei dei egin diete igandeko batzarretara eta elkarretaratzera hurbiltzeko.

Magna meatze enpresak ia ehun hektarea okupatu nahi ditu Erdizen, eta azaroaren 20an Almandozen ez beste Baztango herri guztietan galdeketak egitekoak ziren okupazioari buruzko herritarren iritzia ezagutzeko. Joan den astean, ordea, Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkaritzak debekatu egin ditu herri-kontsultak, aurten hirugarrena aldiz.