Magna meatze enpresak lurrak okupatzeko eskaera ari dira eztabaidatzen Nafarroako Parlamentuan. Baztango alkateek salatu dute herritarrei dagokiela erabakia. Espainiako Gobernuak jada bi aldiz debekatu diete herri galdeketa aurten.
Baztango hamalau herritako alkateak batuta agertu dira eta azaroaren 20an herritarrei iritzia galdetuko diete Magna enpresak Erdizek egin asmo duen meatze proiektuaren inguruan. Ia ehun hektarea okupatuko lituzke meatzaritza enpresak, eta bailarako alkateek hasieratik argi utzi izan dute herritarrek badutela zer esana: “Bai Erdizko lurrak erabiltzen dituztenek, baita zeharka proiektuaren eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenezkoak jasango dituztenek ere”, Naiz-ek jaso duenez.
Aurten bi aldiz saiatu dira Baztango herri instituzioak herri galdeketa egiten, baina bietan Espainiako Gobernuaren debekua jaso dute. Igandean egin duten prentsaurrekoan, salatu dute nola den posible Nafarroako Parlamentuak eta Magnak “euren etxean, herritarren iritzirik entzun gabe, erabakiak hartu ahal izatea”. Horren aurrean, bailarako herri guztiek, Almandozek izan ezik, iniziatiba hartu eta azaroaren 20an galdera luzatuko dute: “Erdizeko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude?”. Herritarrek baiezkoa edo ezezkoa eman beharko dute. Alkateek esan dute errespetatuko dutela emaitza edozein delarik ere, baina “haien eginbeharra dela erabakitzeko eskubidea bermatzea”.
Magna enpresa saiatu zen 2007an ere meatzerako lurrak eskuratzen, baina herri mugimenduak proiektua geldiaraztea lortu zuen. Naiz-en arabera, ordutik tematzen jarraitu du bai Zilbetin baita Erdizen ere, berriro. Aurtengo otsailean Magnak jakinarazi zuen meatze proiektua UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan gisa aurkeztuko zuela, eta horrek dakar Baztango Udalek euren lurretan erabakitzeko eskumena galtzea. Igandeko prentsaurrekoan, alkateek Nafarroako Parlamentuari eskatu diote UGEPa onartu baino lehen herritarren iritzia entzuteko. Pasan den urriaren 3an foru interesko proiektu izendatzeko proposamena onartu zuen.