Baztango paraje horretan egin nahi duten harrobiak hautsak harrotu ditu eskualdean. Egitasmoak ingurumenari eragingo liokeen kalteak larrituta, bizilagunek manifestazioa eginen dute urriaren 12an, Elizondon. Haatik, hurrengo asterako deitua zuten herri-galdeketa debekatu egin du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak.
Lehenago ere eman izan du zeresana MAGNA enpresaren egitasmoak, 2014an azken aldiz. Haatik, lanen tramitazioa 2020tik aurrera aktibatu zen berriro, eta azken hilabeteetan egitasmoa Udalerriz Gaindiko Proiektu Sektorial (UGPS) gisa izendatzeko proposamena aurkeztu da Nafarroako Parlamentuan.
Harrobiak 100 hektareako hedadura izanen luke, Aldude mendiko natur-gune betean. Inguru hori Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuta dago Europar Batasunak sustatutako Natura 2000 sarearen baitan. Ageriko balio ekologikoa ez ezik, eremuak ondare kultural aberatsa ere gordetzen du, hainbat mendetan zehar abeltzaintzarako eremu gisa erabili izanaren ondorioz.
Historia korapilatsua
Erdiz edo Erdizaga izeneko parajea Erregerena mendigunearen baitan kokatzen da, Baztan eta Esteribar haranen mugan (Nafarroa Garaia). Bere izenak adierazten duenez, inguru hori errege-jabetzako eremu gisa konfiguratu zen Erdi Aroan. Antzinako Erregimeneko lurralde-egituran, ohikoa zen mendialdeak komunitate baten edo gehiagoren jabetza komunal gisa definitzea, eta tokiko bizilagunei egokitzen zitzaien bertako baliabideak ustiatzeko eskubidea: bazka-guneak, gaztainadiak, ira-lekuak, eta abar. Haatik, Erregerena eta antzeko beste eremu batzuk (Aldude/Kintoa, Urbasa, Andia, Entzia, Bardea eta abar) Koroaren jabetza izanik, lurralde-unitate bereiziak osatzen zituzten eta haien ustiapena araudi espezifikoen arabera gauzatzen zen.
Baztango udalak eskatutako ikerketa historikoek erakutsi dutenez, Koroak partikular bati saldu zion Erregerena mendia XVI. mende hasieran. Zenbait salerosketa-operazioren ondoren, eremuak Gongorako jaunen esku bukatu zuen, baina 1775ean berriro Errege Haziendara pasa zen. Nolanahi ere, eremuak bi berezitasun mantendu zituen mende horietan zehar. Alde batetik, Baztango zein Esteribarreko lurraldeetatik at egoten jarraitu zuen, unitate bereizia osatuz. Beste aldetik, ohitura zahar bati jarraiki, Baztango bizilagunei aitortu egin zitzaien beren abereak bertara bazkatzera eramateko eskubidea, betiere gauean haranera itzuliz gero.
Andiako, Urbasako eta gainerako tokietako aziendari neguko bazka eman behar izan diete uda amaitzerako. Erdizen zeudenek, aldiz, izan dute bazka freskoa, haran ttipia heze eta berde mantendu baita
Egoera Lehen Karlistaldiaren ondoren aldatu zen. 1841ean, Hitzartutako Legeak Nafarroako Foruaren abolizioa ekarri zuen; testuinguru horretan, errege-jabetzako mendiak Estatuaren kontrolpera pasa ziren, eta horrek zenbait neurri hartu (ekarri) zituen haien kudeaketa ‘arrazionalizatzeko’, liberalismoaren printzipio juridiko eta ekonomikoen arabera. XIX. mende bukaeran eta XX. hasieran, egoera horrek Baztango eta Esteribarreko udalen arteko gatazka piztu zuen, lurraldea noren esku geldituko. Gatazka eta zalantza horiek 2018an Nafarroako Parlamentuaren lege batek argitu dituen arren, guztiz konpondu gabe daude oraindik. Testuinguru horretan, harrobiaren eraikuntza-proiektuak berriro inarrosi ditu hautsak.
Mendialdeko paisaia kultural bat
Hainbat mendez mantendutako abeltzaintza-erabilera izan da, hain zuzen ere, Erdizko paisaiaren bilakaera baldintzatu duen faktore nagusia. Inguruko mendien artean babestuta, Erdiz errekak haran txiki bat eratzen du bertan; Foehn efektuari eta ur-emari handiari esker, eremua beti heze dago, abereentzako larre oparoak eskainiz –Baztango bazkaleku hoberena da–.
Hain zuzen ere, haranaren erdiguneak saroi bat osatzen du; mendian bazkatzen diren abereak biltzeko espazio bereziak dira horiek, euskal mendietan antzinatik oso hedatuta egon direnak. Elorri zuriz zedarritutako biribilgune batean, abeltzaintza eta basogintza tradizionalari lotutako hainbat elementu material bereizten ahal dira Erdizen: garai desberdinetako hiru bordaren arrastoak, korraleak, abereak babesteko zein elikatzeko landatutako gorosti zaharrak, ira-lekuak, baita mota desberdinetako zuhaitz lepatuak ere ?hurritzak, gaztainondoak eta pagoak, bereziki–. Inguruko mendi-magaletan, belaiak eta otadiak tartekatzen dira, egunean zehar abereak modu estentsiboan bazkatzeko.
Elementu horiek guztiak argi eta garbi erlazionatzen dira artxiboko erregistroek zein ahozko iturriek aipatzen dituzten mendiaren kudeaketa-praktikekin. Erdi Aroaz geroztik, praktika horiexek ?eta haiei lotutako ezagutza ekologikoa, belaunaldiz belaunaldi transmititua? izan dira Baztango mendi-paisaiak moldatu eta mantendu dituztenak, egun duten izaera bereizgarria emateraino.
Erdiz bezalako guneek balio erantsi bat dute beste mendialde batzuekin alderatuta: ondare kultural bizia izatea
Gainera, Baztango herritarren artean balio berezia du Erdizek, bere kokapen eta klima egokia dela bide. Berezitasun hori agerian gelditu da 2022ko udan Nafarroa osoari eragin dion idortearen harira. Izan ere, Andiako, Urbasako eta gainerako tokietako aziendari neguko bazka eman behar izan diete uda amaitzerako. Erdizen zeudenek, aldiz, izan dute bazka freskoa, haran ttipia heze eta berde mantendu baita; aldaketa klimatikoaren aurrean ere erresilientzia nabarmena erakutsi duen jarduera-eremua da.
Abeltzaintza, bizirik
Gainera, Erdiz bezalako guneek balio erantsi bat dute beste mendialde batzuekin alderatuta: ondare kultural bizia izatea, hain zuzen ere. Izan ere, Baztango mendialdeetan gaur egun arte mantendu izan dira, garaian garaiko gora-beherekin, iragan mendeetatik jasotako abeltzaintza- eta basogintza-erabilerak. Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, industrializazioak eragindako plantazio monoespezifikoen hedapena ez da honaino iritsi, eta bertako paisaiak askoz ere neurri handiagoan atxiki du bere bilakaera organikoa ?azken hamarkadetako tertziarizazioak ezarritako arazo eta erronka berriak ahaztu ezin diren arren–.
Hortaz, Erdizko harrobiaren egitasmoak ez luke ‘hutsik’ dagoen espazio ‘natural’ bat okupatuko. Bertako paisaia, inguru ekologiko aberats bat ez ezik, ondare kultural material eta immaterial baten oinordekoa da, eta behin suntsituta ezinezkoa litzateke hori leheneratzea. Kate horren balizko hausturak ere azaltzen du, beraz, proiektuak bailarako jendartean eragin duen arrangura. Hari erantzuteko sortu den herri-mobilizazioaren eta Erdizko larreen geroa, berriz, idatzi gabe dago.