argia.eus
INPRIMATU
Erdizeko meatze proiektua geldiarazteko manifestazioa egingo dute Iruñean
  • Larunbata honetan Erdiz Bizirik plataformak manifestazioa egingo du Baztan Udalekoak diren Erdizeko larreetan Magnesitas de Navarra (Magna) enpresak eraiki nahi dituen magnesita meatzeen aurka. "Landa Eremuen Defentsan. Erdiz Bizirik" goiburupean aterako dira karriketara.

ARGIA @argia 2023ko apirilaren 21
Argazkia: Iñaki Atxa Aranburu

2001ean Magnak Erdizen zundaketak egiteko baimena eskuratu zuenetik jira-bira ugari izan ditu proiektuak. Tarte horretan guztian baztandarren %80tik gora proiektuaren aurka agertu da hainbat moldez, horien artean kalean. Manifestazio jendetsuak ugari egin dira Elizondon, eta oraingoan Erdiz Bizirikek Hiri Buruzagira ekarri nahi du protesta. 2008an ere manifestazio jendetsua egin zen Elizondon, 2.000 bat lagun bilduz, eta iragan azaroan ere beste hainbat bildu ziren kalean mehatze proiektua arbuiatuz.

Martxoan Nafarroako Legebiltzarrean izan zen plataforma eta bertatik atzera egitea eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Meatze proiektua sostengatzen duten Navarra Suma, PSN eta Geroa baik ezezko borobila eman zioten, bertan sortuko diren lanpostuak lehenetsita. Hiru indar politikoen aburuz, meatze proiektua eta abereak Erdizen bazkatzea bateragarriak dira; haien ustez, Meatzeak dauden tokietan ezingo dira bazkatu animaliak, baina gainerakoetan bai. Plataformaren ustez, baina, hori ez da ez praktikoa, ezta ekologikoa ere.

Mende hasieratik dabil dantzan proiektua, eta 2008an bertan behera utzi zuen Magnak, Zilbetin (Erroibar) beste meatze bat irekitzeko asmoarekin. Baina hark porrot egin zion eta 2019an aurkeztu zuen Erdizko ustiaketa proposamen berria, eta iragan urriaren 7an Nafarroako Legebiltzarrak Foru Intereseko Inbertsio gisa onartu zuen proiektua, UPN, PSN eta Geroa Bairen aldeko botoekin (40 boto), eta EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin (10 boto).

Baztandarrak haserre

Erdiz edo Erdizaga izeneko parajea Erregerena mendigunearen baitan kokatzen da, Baztan eta Esteribar haranen mugan. Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuta dago Europar Batasunak sustatutako Natura 2000 sarearen baitan. Ageriko balio ekologikoa ez ezik, eremuak ondare kultural aberatsa ere gordetzen du, eta bertan bazkatzen dira Baztango abereak, gutxienez Erdi Arotik.

Baztandarrak ordezkatzen dituen Udalen Biltzarrak behin eta berriz adierazi izan du Magnaren proiektuaren aurka dagoela. Alkateek herri galdeketa ere egin nahi izan zuten iragan udazkenean, baina Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak debekatu egin zuen. Haserre dira baztandarrak, eta hala adierazi zien iragan martxoko Foru Legebiltzarreko agerraldian Erdiz Bizirikeko bozeramaile Jon Elizetxek parlamentariei: “Zertarako onartu zen Partehartzearen Foru Legea? Nola nahi duzue instituzioetan sinistea gure gainetik pasa eta kaka egiten badiguzue?”.

Beldur dira baztandarrak, larre eta parajeok jasan dezaketen minaz, eta horixe bera adierazten zuen Josu Narbartek ere gaiaz egin zuen erreportajean: “Hortaz, Erdizko harrobiaren egitasmoak ez luke ‘hutsik’ dagoen espazio ‘natural’ bat okupatuko. Bertako paisaia, inguru ekologiko aberats bat ez ezik, ondare kultural material eta immaterial baten oinordekoa da, eta behin suntsituta ezinezkoa litzateke hori leheneratzea”.