argia.eus
INPRIMATU
IBILBIDEAK (III)
Erdiz: Baztango bazkaleku onenean, magnesita gose
  • Erdiz edo Erdizaga. Bertara eramaten dute azienda abeltzainek, Baztango bazkaleku hoberenak baitira hango larreak. 476 hektareako bazkalekua. Erregerena mendigunearen baitan kokatua, Baztan eta Esteribar haranen mugan. Herri lurrak dira, baztandar guztiek erabiltzen ahal dituztenak. Larre berdeez gain, baina, badu bestelako bitxi preziaturik: Magna (Magnesitas Navarra) multinazionalak proiektua du abian, Erdizen egiteko  magnesita ateratzeko meategia.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko abuztuaren 01
Erdizko larreak Baztango bazkaleku hoberenak dira. / Argazkia: IƱaki Atxa Aranburu

Egitasmoa 2001ekoa da, baina hainbat gorabehera tarteko –besteak beste, proiektu hori bera Erdizetik oso gertu, Zilbetin, egiteko Espainiako Auzitegi Gorenak 2015ean ezarri zuen debekua–, 2023an gaude eta proiektuak hor dirau. Baztandarren %80 aurka dago, baina Nafarroako Gobernuak foru interesekotzat jo du.

Magna multinazionalaren harrobiak 100 hektareako hedadura izango luke, Aldude mendiko natur-gune betean, zeina Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuta dagoen Europar Batasunak sustatutako Natura 2000 sarearen baitan. Ageriko balio ekologikoa ez ezik, eremuak ondare kultural aberatsa ere gordetzen du, hainbat mendetan abeltzaintzarako eremu gisa erabili izanaren ondorioz –80 familien abereak bazkatzen dira bertan–.

Artesiaga - Saioa

Xorroxin irratiko lagunengana jo dugu mendi-txangoa egiteko gomendio eske eta, pentsatzen genuen moduan, esan digute bide eder asko dagoela inguruan. Bi puskatan egin daitekeen ibilbidea gomendatu digute: Iruritatik abiatuta Artesiaga mendateraino (987 m) bizikletaz, eta handik oinez Saioara (1.418 m), Baztango tontorrik altuenera.

Lehenbiziko parteak ditu 15,2 kilometro luze. Nahiz eta lehenbiziko erdian ere baduen malda gogorrik, Meakako muinotik (7 km) aurrerakoa da pikoena. Saioako itzuliak, bestalde, zazpi kilometro ditu, eta tartean behin paisaiaz gozatzeko geldialdiak eginez ere hiru bat ordutan egin daiteke. Teknikoki, gainera, ez du zailtasunik. Behin tontorrean, laino gehitxorik ez badago, ikusiko ditugu itsasoa eta hondartzak, Larrun, Higa, Itzaga, Moncayo, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Anboto... Eta, magalean, ardi, behor eta behiak bazkan. Haientzat ez dago parajeotan gauza preziatuagorik eurak babesteko zein elikatzeko landatutako gorosti zahar, mota desberdinetako zuhaitz lepatu, ira-leku, belai eta otadiak baino. Egunean zehar modu estentsiboan bazkatzeko saroi ederra.

 

FITXA TEKNIKOA

Non

Baztan (Nafarroa)

Nola iritsi

Ibilbidea hasiko dugu Iruritan, Eugiranzko errepidea hartzeko.

Informazioa

Irurita-Artesiaga ibilbidearen gainekoak ezagutzeko, onena da Interneten topa daitezkeen altimetriak begiratzea. Eta gauza bera mendi-txangoen kasuan: baztanturismo.eus, baztan-bidasoa.com...

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]