argia.eus
INPRIMATU
Erditze seguru baterako eskakizunei erantzuna: ‘bip’

Ainhoa Olano Garmendia 2020ko irailaren 29a

“Hara, ‘bip’ egiten duen tramankulu bat gehiago” bota dit lagunak, albistea aipatutakoan: “haurren erditze seguruagoa lortzeko teknologia disruptibo berria garatu du CIC nanoGUNEk”, oraingo monitorizazio metodoa ordezteko. Niri bururatu zait aspalditik badela erditzean haurren –eta bide batez amen– “arrisku fisiologikoak uneoro denbora errealean kontrolatzeko figura ez-inbaditzaile bat”, ez hain berritzailea: emagina.

Eta ezinbestean gogora etorri zait Caldeyro Barcia mediku eta ikerlari uruguaitarrak esandakoa, berak asmatutako kardiotokografia fetalaren erabilera desegokia zela eta: “Fetuaren monitorea asmatu nuen erditzean zailtasunak dituzten emakume gutxi horiei laguntzeko, ez erditzen diren emakume guztiak zailtasunetan jartzeko”.

Ez nuke gaizki ulertzerik nahi. Teknologiaren aurrerakuntzak mesede asko egin digu, noski; baina teknologiaren gabezia bezain arriskutsu eta kaltegarria izan daiteke bere erabilera desegokia edo gehiegizkoa: “monitore soil bati lotuta egoteak kaltegabea dirudi, baina atzetik etor daitezkeen esku-hartze guztietan lehena da, mugikortasuna murrizten duelako. Erditzean esku-hartze medikoek kostu bat dute, arriskuak dituzte eta oso justifikatuta behar lukete”. Laia Casadevall Castañé emaginaren hitzak dira. Berak dioenez (baita NICE gidak ere), “haurdunaldia normala bada, fetuaren ongizatea kontrolatzeko egokiena eskuzko doppler bidezko aldizkako auskultazioa da”, baina

"Teknologiaren aurrerakuntzak mesede asko egin digu, noski; baina teknologiaren gabezia bezain arriskutsu eta kaltegarria izan daiteke bere erabilera desegokia edo gehiegizkoa"

“honen arazoa da emagin baten presentzia eskatzen duela, "one to one", eta hemen nahikoa emagin ez dugunez, eroso eta errazena emakumeari monitore elektronikoa jartzea da; noski, bere eta haurraren osasun eta esperientziaren kontura”. Ekuazio ekonomikoa berdindu beharra zegoen: erditze-gelak monitorez hornitu ahal izateko, dirua emaginetan aurreztu.

SATSE erizainen sindikatua kexu da Osasun Sistema Publikoko emagin-ratioaz (EAE eta Nafarroan 2 emagin 10.000 biztanleko, eta estatuan oro har bakarra 10.000 biztanleko). Casadevallek berak zioen aldizkari honetan: “emakumearen eskubideak gehiago errespetatzen dituzten herrialdeak dira emaginetan gehien inbertitzen dutenak”. Halaxe gaude.

Bitartean teknologiak aurrera jarraitzen du. CIC nanoGUNEren albistea irakurrita, badirudi teknologia berri honek zuzenean murriztuko duela herrialde askotan neurriz kanpokoa den zesarea-tasa (OMSek gomendatutako %10aren oso goitik), eta portzentaje altuegi horren errua teknologia zaharkituari egozten dio. Baina ez da guztiz horrela: zer gertatzen da gehiegizko esku-hartze medikuak eragindako zesareekin? Edo ginekologoen komenentziaz egindakoekin? (ikus 2016an El Parto es Nuestro elkarteak argitaratutako Nacer en horario laboral txostena).

Bestetik, haurren heriotzen ia laurdena asfixia perinatalagatik omen da. Eta nik pentsatzen dut: denak halabeharrez asfixiatzen dira amaren umetokian? Orain ere emakumeon gorputzak dira, berez, akastunak, arriskutsuak…errudunak? Gure gizartean –orokorrean– erditzea gertaera patologiko eta arriskutsutzat hartzen delarik, inertziak hori pentsatzera garamatza. Baina… agian asfixia horiekin zerikusirik izan dezake oxitozina sintetikoaren balizko gehiegizko erabilerak? Edo emakume gehienak erditzen diren litotomiazko posturak? Teknologia berri honekin emakumea aske mugitu ahal izango da erditzean? Ala makina bati lotuta jarraitu beharko du?

Frogatuta dagoena da erditze seguruagoa ahalbidetzen duela aipatu emaginaren presentziaz gain, haurdunaldiaren jarraipen egoki batek, prebentzio-neurri gisa. Eta hara non, bietan ditugu murrizketak. Pandemiaren kontura kontsulta asko ezabatuta, 25. astean (5-6 hilabete) dagoen haurdun bat ez du profesional batek aurrez aurre behatu, nahitaezko bi ekografiak salbu. Telefonoz deitzen diote hilean behin zer moduz dagoen galdetzeko. Baina lasai, erditzean monitorizazio elektronikoa jarriko diote eta, akaso, musukoa ere bai. Osasuna hori baita orain.

"Erditzean bai amek eta bai haurrek etekina aterako diote gure garapen teknologiko honi”, dio nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren arduradunak. Ea hala den. Baina ahaztu ez dadin aldarrikatu nahi nuke, horren aurretik badirela askoz oinarrizkoagoak diren eskakizunak, behar bezalako erantzunik gabe jarraitzen dutenak, eta horiei bai etekina aterako genieke: haurra amagandik ez banatzea justifikaziorik gabe (ezta COVID-19agatik ere, El Parto es Nuestrok salatu bezala); protokolo gaurkotuen araberako arreta jasotzea eta errespetuz tratatuak izatea; eta funtsean, gure gorputz, erabaki eta eskubideak errespetatzea.