argia.eus
INPRIMATU
ERC prest Europan ezker abertzalearekin aurkezteko
  • Kataluniako ERC alderdia ezker abertzalearekin koalizioa osatzeko aukera aztertzen ari da, izan EH Bildu, Sortu edo Amaiurrekin. CDC eta CUP alderdiekin bloke subiranista sortzeko ideiak aurrera egiten ez badu hartuko lukete bide hori, Europa Press agentziak dioenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko ekainaren 03a
Oriol Junqueras ERCko burua.

2014an egingo dira Europako hauteskundeak, eta alderdi politikoak balizko aliantzen inguruan pentsatzen hasiak dira jada. Europa Pressek nabarmentzen duen moduan, testuinguru politikoa aldatu egin da azken urteetan. Batetik, bipartidismoak (PP-PSOE) atzera egin duela dirudi, eta IUren eta UPyDren aukerek gora egin dutela.

Bestetik, Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi independentistek (ERCk eta Bilduk), mehatxu egiten diote nazionalisten (CiUren eta EAJren) hegemonia tradizionalari.

Ingurumari horretan, ERCk eta CDCk gidatu eta CUP eta ICV alderdiei zabalik legokeen hautagaitza subiranistarekin espekulatu da Katalunian. Hori litzateke ERCren lehendabiziko aukera. Badirudi, ordea, ERCk beste bide bat ireki dezakeela.

ERCren asmoa litzateke Herrien Europa koalizioa errepikatzea. 2009ko hauteskundeetan EAk eta Aralarrek egin zuten bat koalizioarekin, eta haiei ezker abertzalea batu beharko litzaieke orain.

Koalizio horretan Galiziako BNG ere bazegoen. Europa Pressek dioenez, alderdi horretako kide gehienek nahiago dute 2009ko aliantza errepikatu, CiUrekin eta EAJrekin aurkeztea baino, beste urte batzuetan egin zuten bezala.

2009an CiUren eta EAJren taldean zeuden alderdi batzuk urrundu egin dira: ustelkeria kasuek Unió Mallorquina (UM) "jokoz kanpo" utzi dute, Bloc Nacionalista Valenciá (BNV) Compromísen barruan dago eta nahiago du Equorekin joan, eta Coalición Canariak (CC) ez du gustuko CiUren diskurtso subiranista.

Bestetik, "espainiar Syriza" sortzeko aukeraz ere mintzo da Europa Press. Ezkerreko alderdiek hartuko lukete parte koalizioan: IUk, Aragoiko CHAk, Galiziako Anovak eta Kataluniako ICVk.