Espainiako Zigor Kodearen erreforma "berebiziko lorpena" da ERCren ustez. Junts eta CUP alderdiek zein Omnium Cultural eta ANC elkarteek gogor kritikatu dute. ANCk erreformaren aurkako mobilizazioa deitu du Espainiako Konstituzioaren Egunerako. EAJ eta EH Bilduko buruek ere egin dituzte adierazpenak gaiaren inguruan. Erreakzioak jaso ditugu.
Ostegun gauean Pedro Sánchezek iragarri zuen sedizio delituaren erreformak erreakzio kate luzea ekarri du. Erreformak sedizio delitua ezabatzen du delitu berri batengatik ordezkatzeko: “Desordena publiko larriak”.
Sedizioak hamabost urte arteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa ahalbidetzen bazituen, delitu berriarekin gehienezko zigorra bost espetxe urtekoa eta zortzi inhabilitazio urtekoa da: “Sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie taldean jardun eta bake publikoari eraso egiteko indarkeria edo larderia erabiltzen dutenei: pertsonen edo gauzen aurka eginez; bide publikoak oztopatuz, pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jarriz; edo instalazioak edo eraikinak indarrez hartuz. Aurreko paragrafoan azaldutako egitateei hiru eta bost urte bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaie, baita kargu publikorako inhabilitazioa ere, jendetzak egiten dituenean, ordena publikoa larriki kaltetzeko egokiak diren kopuruan, antolaketa, eta asmoz egiten direnean. Autoritate gisa eratutako egileak egonez gero, inhabilitazio zigorra sei urtetik zortzi artekoa izango da”.
Bertsio kontrajarriak
ERCk gatazka desjudializatzeko eta errepresioa murrizteko aurrerapauso garrantzitsu gisa baloratu du Zigor Kodearen erreforma. Herrialde Katalanetako gainontzeko indar nagusiek, ordea gogor kiritikatu dute ERCk Espainiako Gobernuarekin sustatutako akordioa. Besteak beste, 2017ko urriko gertakariak delitu izaten jarraituko luketela salatu dute, eta errepresioa gutxitu ordez handitzeko erreminta izan daitekeela, muturreko zigorrak jaitsi arren horiek herritar guztiei aplikatzeko aukera ematen duelako.
Ostiral goizean agerraldia egin zuen Generalitateko presidente Pere Aragonesek, erreformari babesa agertzeko. Erreforma “berebiziko lorpena” dela defendatu du Aragonesek, “gatazka politikoari soluzioa aurkitzen hasteko pauso garrantzitsua”. Ziurtatu du “aurrerapauso” handia dela “eskubideen eta askatasunen” eremuan, eta Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketen emaitza dela azaldu du.
“Desordena publiko larriaren konponbidea sedizioaren gaixotasuna baino okerragoa izan daiteke”, idatzi du Twitterren Junts Per Catalunyako presidente Laura Borrasek.
CUPeko diputatu Carles Rierak salatu du erreformak ez diola mesederik egingo errepresioa sufritzen duten herritarren %99ari, baizik eta gutxiengo bati eta “partzialki”. CUPen ustez akordioa “karta joko” baten emaitza da, ERC Espainiako aurrekontuak onar ditzan.
Erreformaren arrisku errepresiboez mintzatu da erbestetik Toni Comin, Puigdemonten gobernuan ERCtik kontseilari bezala aritu zena, El Nacional hedabideari eman dion elkarrizketan: “Agian bai, buruzagitzan gaudenontzat, eskatuko lizkiguketen zigorrak baxuagoak izango lirateke, ez hamabost urte, bost urte baizik, baina hori liderren onura pertsonala da; independentismoaren oinarrientzat desordena publikoen delituaren erreforma oso albiste txarra da, errepresioaren oinarria zabaldu berri delako. Zigor Kodea modu lotsagabean oinarri independentistak beldurtzera eta mugimendu independentistaren mobilizazioa gelditzera bideratuta erabiltzen ari baziren, desordena publikoen zigor-tipoaren erreforma horrek oraindik arma gehiago ematen dizkio epailetzari oinarriak jazartzen jarraitzeko”.
ANCren mobilizazioa aurka
Òmnium Cultural elkarteko presidente Xavier Antich-en hitzetan, erreforma aurrerapausoa da “disidentzia politikoaren kriminalizazioan” eta “protestarako eskubidearen jazarpenean”, baita independentismotik harago ere. ANCko presidente Dolors Feliuk salatu du erreformak bi helburu dituela: “Kale mailako mobilizazio independentista zigortzea”, eta “urriaren 1ekoen moduko gertakariak modu erosoagoan erreprimitzea”. ANCk dei egin die alderdi independentistei erreformaren aurka “borrokatzera”, eta manifestazioa iragarri du abenduaren 6rako, Espainiako Konstituzioaren Eguna.
EAJren eta EH Bilduren posizioak
Euskal Herrian, besteak beste EAJko eta EH Bilduko buruek egin dituzte adierazpenak gaiaren inguruan. “Doinua ona da, baina guk, delituak baino, eskubideak arautzea hobesten dugu”, adierazi du Andoni Ortuzarrek. Erreforma “proportzionala” dela adierazi du EAJko presidenteak, baina horretaz harago Espainian “komunitate nazionalen erabakitze eskubidea” arautzeko akordioa behar dela.
“Espainiako espetxeetako ohiko bezero gisa badakit zein den hamabost eta bost urteren arteko aldea. Albiste ona iruditzen zait, eta lehen urratsa da, baina oraindik beste batzuk egiteko daude”, adierazi du Arnaldo Otegik. EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera, estatuak “ulertu” behar du ezin dela inoren aurka egin “beren etorkizuna erabakitzeko hautesontziak jartzeagatik”.
155 artikulua
Erreakzio kate horren erdian, igandean elkarrizketa eman dio Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak La Vanguardia egunkariari. Erreformak ez duela zigorgabetasuna esan nahi azpimarratu du Sánchezek.
“2017an egindako delituengatik aurpegia eman beharko du”, adierazi du erbestean dagoen Carles Puigdemonti buruz. Sanchézek 155 artikuluaren defentsa egin du, erreferendumaren garaian lehenago erabili ez izanagatik kritikatuz PP. PPren akats “larrienetako” bat "krisi instituzionalaren erantzuna Justiziaren esku soilik uztea izan zen", ziurtatu du.