argia.eus
INPRIMATU
ERC: azaroa arteko gurutze-bidea
  • ERCk hamahiru parlamentari galdu ditu joan den igandeko hauteskundeetan eta barne krisia ate joka du. Pere Aragonés Generalitateko jarduneko lehendakariak dimisioa aurkeztu du dagoeneko eta lehen lerrotik erretiratuko dela iragarri du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko maiatzaren 16a
Argazkia: Europa Press

Baina Oriol Junqueras da ERCko lehendakaria eta orain berarengana itzuli dira begirada guztiak: lehen unean, iragan asteartean alderdiaren webgunean jarritako gutuna medio, bere postuan jarraitzeko prest zegoela iragarri zuen, baina asteazkeneko zuzendaritza gogor eta luzearen ondoren, Europako Legebiltzarreko hauteskundeen ondoren erretiratuko dela iragarri zuen.

Kataluniako hedabideetako kroniketan irakur daitekeenez, Aragonesek eta Marta Rovira idazkari nagusiak presio egin diote Junquerasi, orain behintzat pauso bat atzera egin dezan. Eta Junquerasek atzera egin du, baina itxura guztien arabera, indarra hartu eta beste jauzi bat aurrera egiteko.

ERCk iragarri du jada datorren azaroaren 30ean kongresua egingo duela datozen urteetarako estrategia finkatzeko eta bide berri hori gidatuko duen zuzendaritza hautatzeko. Eta oraingoz, Junquerasek alderdia zuzentzen jarraitzeko borondatea erakutsi du.

Bidea, ordea, ez zaio erraza egingo, alderdiaren baitan badirelako egungo zuzendaritza osoak alde batera egin beharko lukeela uste duten sektoreak. Datorren ekainaren 9an Europako Legebiltzarreko hauteskundeak izango dira, eta Junqueras ez da hautagaia, baina gehienek uste dute hauteskunde kanpainan protagonismo handia izango duela eta horrela alderdian sostenguak biltzen saiatuko dela. Inor gutxik jartzen du zalantzan sostenguak lortzen baditu, azaroan zuzendaritzarako lehian izango dela.

2008ko barne liskarren ispilua

Oriol Junqueras 2011tik da ERCko lehendakaria eta bide horretan bere lidergoak bi sostengu garrantzitsu izan ditu: procés-ak iraun duen denbora guztian artean alderdiko idazkari nagusi den Marta Rovirarekin batera gidatu ditu ERCren urratsak. Rovira Suitzara erbesteratu eta Junqueras espetxeratu ondoren, Pere Aragonesek hartu zuen ERCko gidaritza publiko eta instituzionala. Esaten da azken urteetan Aragonesek eta Junquerasek partekatu dutela alderdiaren lidergoa, baina urrundu ere egin direla. Rovirak, aldiz, alderdiaren barne kontrola mantendu ei du. Orain, bai Aragonesek bai Rovirak presio egin diote Junquerasi pauso bat atzera eman dezan.

ERCk garai loriatsuak bizi izan ditu azken hamabost urteetan, baina ohikoa da hauteskundeetan halako porrota jasotzen duen edozein alderdi krisiaren maldan behera abiatzea. Kasu honetan, gainera, bazetorren beherantz iragan udal hauteskundeetako eta Espainiako orokorretako emaitza txarretatik.

Ataka honetan, askori datorkio burura 2000ko hamarkada amaierako une korapilatsua. 2008an Josep Lluís Carod-Rovira zen alderdiko gidaritzan eta orduko hauteskundeetan 652.000 botoetatik 296.000ra jaitsi zen ERC. Horren ondorioz, Joan Puigcercosek hartu zuen aginte makila, baina bi urte geroagoko hauteskunde autonomikoetan ERC 21 eserlekutik 10era jaitsi zen eta orduan iritsi zen Junqueras.

Asko ari da idazten egunotan ERCri buruz eta ondoko bi artikulu hauek pista interesgarriak eskaintzen dituzte gertatzen ari denaz. Alderdi errepublikarrarekiko bi begirada desberdin dira: bata ERCren nondik norakoak gertutik jarraitzen dituen Nacio Digital-eko kazetari Joan Serrak idatzia; eta bestea, La Vanguardia-ko zuzendariaren albokoa den Lola Garcíarena da.