argia.eus
INPRIMATU
Erbetegi etxe historikoa bota dute Donostian, AHT egiteko
  • XVI. mendeko dorretxea larunbatean eraitsi zuten hondeamakinek Donostiako Martutene auzoan. Hiriko arkitektura kultuaren adibide bakan eta zaharrenetakoa zena ez mantentzea erabaki zuen administrazioak eta AHTko obrek aurrera egiteko bota dute, hainbat familia etxegabetu ostean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko martxoaren 01
Eraikin historikoa goitik behera bota dute, lehen solairuko harlandu batzuk salbu.

Larunbatean eraitsi zuten Erbetegi dorretxea. Donostiako ondare arkitektonikoaren parte garrantzitsua, Ancora elkartearen esanetan, jada argazkietan baino ez dugu ikusiko. Abiadura Handiko Trenaren trazatua haren ondotik igaroko dela-eta bota dute eraikina larunbatean hondeamakinek. Bertan bizi ziren azken bizilagunek otsaila hasieran utzi behar izan zuten euren etxea, derrigorrezko desjabetze azkarren ondorioz.

Hainbat familia bizi zen oraindik Erbetegin.

Erbetegiri izena Miguel Pérez Erbeeta batxilerretik zetorkion, XVI. mende hasieran Donostiako alkate izandakoa. Balizko Arkeologia Gune gisa katalogatua, arkeologoek onartu dute eraikina mende hartakoa zela eta orduko planoetan ere ageri da; areago, arkitektura zibil eta kultuaren elementu garrantzitsuak zituen. Baina Bigarren Gerra Karlistan bere barne egitura erre egin zela argudiatuta, bota egin dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak adierazi zuen atariko arkua eta beste hainbat elementu Irungo Gordailuaren biltegira eramango dituztela eta eraikinaren lehen solairuaren zati bat ere bere horretan utziko zutela. Hiruzpalau paletan pilatu dituzte harlandu batzuk, gainerakoa hondar eginda geratu da.

Erbetegin hamaika familia bizi ziren eta AHTren hasierako proiektuak euren etxea mantentzea aurreikusten zuen arren, "egunkari eta buletin orokorren bidez" jakin zuten trazatua aldatu eta eraikina behera botako zutela, jendaurrean azaldu zutenez. Adifen eta Donostiako Udalaren jarrera gogor salatu dute, indemnizazio "irrigarriak" eskaini dizkietelako eta etxebizitza bat modu duinean edukitzeko aukerarik ez dietelako eman, alokairu sozialetik harago.