Donostiako XV. mendeko eraikina Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen katalogoan ageri da. Adifek behera bota nahi du AHT egiteko, baina aurretik ikerketa eta txosten arkeologikoa behar ditu halako gune batek.
AHTk hiriburuetako ateak parez pare irekita zituela uste zenean, harri txintxar bat topatu du bidean, Donostiako sarreran. Okendotegi pasealekuan dagoen Erbetegi etxeko bizilagunak desjabetu eta eraikina botatzeko zorian da Adif trenbide administratzailea, baina Áncora elkarteak ohartarazi du dorretxea balio historiko handikoa dela eta babesteko eskatu du.
Eraikina aspaldi babestu zen ordea. Eusko Jaurlaritzak 1997an katalogatu zuen Balizko Arkeologia Gune bezala, Donostiako beste hainbat eraikinekin batera. Baina Erbetegi beharrean “Maspero baserria” izena jarri zioten –Kultur Ondarearen webguneko fitxetan ere izen horrekin ageri da dorretxea–.
ARGIAk hainbat historialarirekin hitz egin du eta akats baten aurrean geundekeela ondorioztatu dute, ez baitago toponimia horrekin beste tokirik. Hala, dorretxea “Maspero” izenarekin tramitatu izan da babesa ematen dioten dokumentuetan, tartean Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean. Are gehiago, Euskal Y azpiegituraz Jaurlaritzak 2012an argitaraturiko gida-liburuak dio eraikinak “goi mailako babesa” duela, Ergobiko zubia, Olatxo Burdinola eta Donejakue bidearekin batera. Harrigarriro, Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian jadanik ez da aipatzen.
Ikerketa “ofiziala”
Balizko Arkeologia Guneak 1996ko dekretu baten bidez daude araututa, eta honen arabera “izendatutako elementuan eragina izan dezakeen” obrari lotuta ikerketa arkeologikoa aurkeztu behar da, esparrua ebaluatu eta Foru Aldundiak erabaki dezan proiektu arkeologikoa egin ala ez. Joan den urtean onartu zen Euskal Kultura Ondarearen legeak, bere aldetik, zehazten du horren arabera emango duela Aldundiak obra-lizentziarako baimena. Nolanahi ere, ingurumen inpaktuaren-ebaluazioak ere Eusko Jaurlaritzaren txostena jaso behar luke, “nahitaezkoa eta loteslea”.
Okendotegiko bizilagunek ez dute honen berririk izan orain arte, baina hedabide honi azaldu diote ikerketa arkeologikoa egn behar izanez gero, foru teknikariek "ofizialki" egin beharko luketela beren ustez. Informazio falta sarritan salatu dute –desjabetuak izango zirela ere egunkarien bidez jakin zuten– eta denbora gutxiren buruan kale-gorrian geratu daitezkeela, indemnizazio “irrigarriak” jasoko dituztelako.
AHTren korapiloaren erdian
Adifek 2018ko urrian iragarri zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean “derrigorrezko desjabetzea”, 1954ko lege bat erabilita. AHTren Hernani-Astigarraga zatian azken unean egindako aldaketa baten ondorioz botako dute Erbetegi dorretxea, trenak eragindako dardarek bere egitura arriskuan jar dezaketelako antza.
Zati horretako obrak geldirik egon dira denbora luzez. Abiadura handiko plataforma tren arruntera lotzeko zailtasunei egotzi izan die Adifek geldialdia, baina obra kudeatzen ari den Eusko Trenbide Sarearen arabera, desjabetzeekin ere “arazoak” egon dira.
Lehen fasea Moyua, Balzola eta Azvik osaturiko aldi-baterako enpresa elkarteak hasi zuen 71, 5 milioi eurotan. Baina arazo horiek tarteko, kontratua ezeztatu eta 2019ko uztailean bigarren fasea esleitu zuen ETSk, kasu honetan Sacyr, Mariezkurrena eta Zubieder enpresei. 2023an obrak amaituta izan behar dituzte –hain justu agintariek Euskal Y-a prest egongo dela hitz eman duten urtean– eta epe estu horretan edozein oztopo buruhauste handia izan daiteke sustatzaileentzat.
Desjabetze-gutunaren zain
Hondeamakinak abiadura bizian doaz eta Erbetegi etxearen atarira iritsi dira jadanik. “Hasieran eraisketa azarorako zegoen aurreikusita, baina obrako langileei entzun diegu apirilean izan daitekeela, ez dakigu”, azaldu du Okendotegiko auzotar batzuen bozeramaile Garikoitz Arrese-Igorrek. Behin betiko desjabetze-gutunaren zain daude hilabete baino lehen etxea uzteko, eta bitartean sinadura bilketari ekin diote.
Urumeako erriberan saihesbide, etxebizitza eta trenbideek irentsi dituzte soro eta baserriak, edo ito dituzte hormigoizko hesi artean, Olatxo baserriarekin egin bezala. Erbetegi bihurtu da Donostiak behinola izan zuen paisaia eta ondare aberats baten azken gotorlekua. Eta bihurtu da herritarrek etxebizitza duina izateko duten eskubidearen aldeko azken lubakia. Azken harri txintxarra AHTrentzat.