Erasoren bat egonez gero, unean bertan salatzeko aukera egonen da Iruñeko Udalaren aplikazioaren bitartez. Geolokalizazio zerbitzuaren bidez, Udaltzaingoa abisatu daiteke, beharrezko baliabideak martxan jar ditzan.
AgreStop/EraStop sakelakorako aplikazioa aurkeztu du Iruñeko udalak, eraso sexistak unean bertan salatzeko aplikazioa, botoi bat sakatze hutsarekin. Eraso sexistarik gabe, Iruña aske kanpainaren ekintzetako bat da, eta, sanferminetarako aurkeztu badute ere, urte osoan erabilgarri egonen da.
Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Itziar Gomez, arloko zuzendari Xabier Ibañez eta MRSystemeko kudeatzaile Mikel Goñi izan dira baliabidearen aurkezpenean; Gomezek zehaztu du "erraza eta intuitiboa" dela.
Hiru aukera, erabiltzaileen eskura
Hiru botoi dauzka, hiru egoerari aurre egiteko: lehenengoa, Eraso bat pairatzen ari naiz; bigarrena, Eraso bat salatu; eta, hirugarrena, Lagundu nazazu.
Hala, lehenbiziko aukera "larrialdietarako botoia" da, zuzenean Udaltzaingoari geolokalizazioa bidaliko diona, udaltzainak laguntzera bertaratu daitezen. Bigarren aukeraren bitartez, Eraso bat salatu, edozein herritarrek salatu dezake ikusitako erasoren bat, eta, horren bitartez, "herritarren ardurari" ere arreta eman nahi diote udaletik, Gomezek azaldu duenez. Hirugarren aukera, Lagundu nazazu, etxera bueltan jarri daiteke martxan eta sakelakoaren agendan dagoen kontaktu bati edo biri jakinarazi non dagoen pertsona erabiltzailea une bakoitzean, modu horretan, zerbait gertatzekotan, agendako kontaktuak Udaltzaingoari dei deizaioke.
Ezeztatzeko aukera
Erasoa salatu baina ezeztatu nahi izatekotan, PIN zenbakia sartu beharko du erasoa jasan duenak, salatu bezain pronto telefonoa blokeatuko baita, erasotzaileak abisua ezeztatzeko aukera izan ez dezan. Beraz, norberak baino ezin du ezeztatu.
Eraso matxistak salatzea da aplikazioaren asmoa, baina bestelakoak ere salatu daitezke.
Albiste hau Euskalerria irratia-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.