argia.eus
INPRIMATU
Gizon erasotzaileen kontrol telematikoa indartzeko neurriak onartu ditu Espainiako Gobernuak
  • Iaz 47 emakume hil zituzten Espainian, eta aurten lau dira jada indarkeria matxistagatik hildakoak. Espainiako Barne Ministerioak hainbat neurri onartu ditu emakumeak eraso matxistetatik babesteko helburuarekin, eta eztabaidak aurrera jarraituko duela dirudi: erasotzaileen aurrekari penalen berri emateko baliabide juridikoak aztertuko ditu. Fiskaltzak babes neurri gehiago eskatu ditu.

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 12a
Emakumeen babeserako neurriak izan dituzte aztergai Barne Ministerioak eta indar polizialek. / Argazkia: Aikor

Asteartean eta asteazkenean Fernando Grande-Marlaskak zuzentzen duen ministerioak polizia indarrak bildu ditu, tartean Ertzaintza eta Foruzaingoa. Onartu dute "kasu batzuetan" erasotzaileei eskumuturreko telematikoak jartzea biktimek eskatu gabe ere, emakumeengandik urruntzea kontrolatzeko. Kasu horiek izango lirateke andrea arrisku maila ertainean, altuan edota muturrekoan dagoela baloratzen dutenean fiskalek. Berria-k jaso duenez, iaz eraildako emakumeen %43k salaketa jarria zuten aurrez, baina horien herenek baino gutxiagok izan zuten babes neurriren bat.

Bileran, ontzat jo dute erasotzaileen arriskugarritasuna baloratzeko formulak eguneratzea. Emakumeen Aurkako Indarkeriari Buruzko Aretoko fiskal Teresa Peramatok iritzi dio egungo datu sistemekin "ez dela nahikoa", eta Barne Ministerioak onartu berri dituzten neurriek ere ez dutela baliabide nahikorik bermatzen. 

Aurrekari penalen babesa, eztabaidan 

Beste eztabaida puntuetako bat izan da erasotzaileen aurrekariak ezagutaraztea, emakumeen babeserako baliagarri izan daitekeenetan. Iazko emakumeen hilketen %40an, gizonak aurrekari penalak zituen. Azkenean ez dute aldaketarik erabaki horren inguruan, baina eztabaidatzen jarraituko dutela iragarri dute. Peramato fiskalak berak ez zuen begi onez ikusi aurrekarien berri modu orokortuan ematea, datuen babeserako legea urratzen duela argudiatuta. 

Bestalde, Clara Campoamor elkarteko abokatu José Miguel Fernández López de Uraldek, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean, balantza beste aldera lerrokatu du: "Aurrekari penalak datu publikoak dira, ez pertsonalak. Emakumeen bizitzarako eskubidea horren aurretik dago", azaldu du asteazkenean.