Mugarik Gabeko Medikuak GKEak kaleratutako txosten baten arabera, rohingya etniako 6.700 kide hil zituen gutxienez Myanmarreko armadak, haien aurka egindako erasoaldiaren lehen hilabetean. Horietatik 730 bost urtetik beherako umeak ziren. Myanmarreko Gobernuak 400 biktima baino ez ditu aitortu.
Myanmarreko ejertzitoaren indarkeriak exodo erraldoia eragin du 2017an Rajine eskualdean. Rohingya gutxiengo musulmaneko 650.000 pertsona inguruk –milioi bat bizi zen bertan– Bangladeshera ihes egin dute hiru hilabetean; errefuxiatu horiek dauden kanpalekuetara joan eta zuzeneko testigantzak jasoz osatu du Mugarik Gabeko Medikuak-ek txostena.
2.400 familia ingururi egin diete galdeketa, eta ia denek esan dute senideren bat hil dietela, GKEko zuzendari Sidney Wongek adierazi duenez. Lekukotza horien bitartez jasotako zifra 6.700ekoa da, baina Bangladeshera ihes egindako rohingya kopuru osora estrapolatuz, 9.500 eta 13.500 inguru bitarteko hildako kopurua genuke.
Hamar biktimatik zazpi tiroz hil dituzte Myanmarreko militarrek; %9 berriz, etxe barruan erreta, eta %5 kolpez. Gutxienez 730 ume txiki –bost urtetik beherakoak– hil dituztela behatu ahal izan du Mugarik Gabeko Medikuak-ek. Gertakariak “erabateko garbiketa etnikotzat” jo ditu NBEk.
Myanmarreko Gobernuak, orain arte, 400 hildako baino ez ditu aitortu, eta horietatik 375 “terroristak” zirela esan du.