argia.eus
INPRIMATU
Txosnagunearen aurkako “erasoak” salatzeko manifestazio jendetsua egin dute Tolosan
  • Inauterietan txosnagunea jartzeko izan dituzten zailtasunak salatzeko manifestazioa egin du Tolosako Txozna Batzordeak inauterietako lehen egunean. Tolosako Udalaren eta zenbait eragileren jarrera salatu dute. Udala "oso haserre" agertu da eta desadostasunaren oinarria "eztabaida politikoa" dela nabarmendu du.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 17a
Osteguneko manifestazioa Tolosan. Argazkia: Argia.

Tolosako Txozna Batzordeak inauterietan txosnagunea jartzeko izan dituzten zailtasunak salatzeko manifestazioa egin du ostegun gizenean, "Eraso guztien gainetik, txosna defendatu" lelopean. Urtero txosna aurrera ateratzeko oztopoak izan dituztela, eta aurten bi "eraso politiko" gehitu zaizkiola salatu du Txozna Batzordeak. Batetik, EAJ-k txosna "ahultzeko" Euskal Herri Plazan jartzeko debekua, eta bestetik, Txozna Batzordearen parte izan zen Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistako eragileak "txosnarik gabe uzteko saiakera".

"Erasoaren dimentsioa handia da" gaineratu du Batzordeak. Tolosan 900 sinadura bildu zituzten txosna Euskal Herri Plazan jartzeko eta horren aldeko borroka "deslegitimatu eta kriminalizatu" dutela esan du, militanteen gaineko "irudi ilun eta gatazkatsua" zabaltzeko aprobetxatuz. "Txosna batzorde paralelo bat sortzen saiatu dira Mugimendu Sozialistako eragileen betoan oinarritzen dena eta aurrera begirako proiekzioa eman diote, hau da, erasoarekin jarraitzeko borondatea adierazi dute. Eta hori dena aniztasunaren izenean", gehitu du.

"Aniztasuna" esatean, "politikoki funtzionalak" zaizkien talde eta norbanakoei buruz ari direla leporatu die Txozna Batzordeak. "Eragile hauek lan militante bidez indarra hartu duten txosna batean parte hartu ordez, nahiago dute boikotera pasa, aniztasuna aldarrikatuz", gaineratu du. Gainera, azpimarratu du Ezker Abertzaleak ez duela zalantzarik izan gainontzeko "eragileen gainetik pasa eta plaza bereganatzen saiatzeko".

Bestalde, Txozna Batzordeak Tolosako Udalaren jarrera "sozializazio eta aldarrikapen gune independente bati mugak" jartzeko saiakeratzat jo du: "Urtez urte ikusten ari gara geroz eta zailtasun gehiago daudela herriko plazetan instituzioz kanpoko ekimenak antolatzeko. Herriko festetako txosnez gain, zapalkuntzei aurre egin nahi dien edozein ekimen publikori geroz eta traba administratibo gehiago inposatzen zaizkio".

"Eraso orokor" bezala deskribatu dute egoera, eta kartel bat pegatzea, kontzertuetako baimen bat lortzea edota eragile politikoen "finantziazio politikoa bermatzea" geroz eta zailagoa dela diote. Beraz, indarrak batzeko eskaera egin du Batzordeak: "Modu desinteresatu eta politikoan guztion finantziazio eta sozializazio guneak sortzeko eskubidearen defentsa kolektiboa egin behar dugu. Hori baita aniztasunaren bidea gure ustez".

Udala haserre

Tolosako Udala bere aldetik "oso haserre" agertu da, Tolosaldeako Atariak Olatz Peon alkateari egindako elkarrizketan. Txosnaren inguruko afera guztiaren desadostasunaren oinarria "eztabaida politikoa" dela nabarmendu du. Era berean, alkateak adierazi du udalak beti aldarrikatzen duela ariketa horretan espazioa denona dela eta denontzat izan behar duela. "Orain, eragileetako batzuek ez omen dute uste GKS-k hori betetzen duenik. Baina lehen betetzen al zen espazio publikoaren erabilera hori?"; gehitu du. Tolosak horrelakorik "ez duela merezi" ere esan du, eta inauteriak modu "alai eta baketsuan" bizitzeko deia egin du.

Era berean, Txozna Batzordeak gogorarazi du beti egongo direla prest "zapalkuntzei aurre" egin nahi dieten eragileekin batera txosna antolatzeko eta gune horiek "jasaten dituzten erasoei" aurre egiteko. Festarako deia ere egin du: "Oztopo guztien gainetik antolatzea lortu dugun egitarauaz gozatu, gu behintzat gertatutakoaren ondoren inoiz baino gogotsuago eta indartsuago gaude".