argia.eus
INPRIMATU
Erasoen kronograma eta hildakoak
  • Parisko sei lekutan egon ziren erasoak eta orain arte emandako informazioaren arabera, erasotzaileek 129 pertsona hil zituzten eta 352 zauritu, hauetatik 80 oso larri daude.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 14a
Le Monde-ko grafiko honetan ikus daiteke erasoak non eta zer ordutan egin ziren.

Saint-Denis, Frantziako Estatua (21:20). Hiru eraso egon ziren lehergailuak eztandarazita futbol zelaiaren inguruetan, 21:20an, 21:25ean eta 21:53an. Lehen erasoan bi pertsona hil zien, horietako bat erasotzaile kamikazea. Bigarren eta hirugarren erasoetan erasotzaileak hil ziren. Frantzia eta Alemaniako selekzioak ari ziren une horretan zelaian. François Hollande Errepublikako lehendakaria bertan zegoen eta helikopteroz atea zuten.

Le Petit Cambodge jatetxea eta Le Carillon taberna (21: 25). Bichat eta Alibert kaleetako izkinan diren areto hauetan hasi ziren su-armez egindako erasoak. Fusil automatikoez tiro eginez 14 pertsona hil zituzten bertan.

La Casa Nostra pizzeria (21:32). Faubourg du Temple eta Fontaine ou roi kaleen artean da pizzeria eta bertako terrazan ziren bost pertsona hil zituzten metrailetaz egindako tiroz.

Voltaire boulebarda (21:43). Errublikako Plazatik gertu, erasotzaileetako batek gainean zeraman lehergailua lehertarazi zuen, bere burua hilez.

La Belle équipe jatetxea (21:48). 11. barrutiko Charonne kaleko jatetxe honetan gutxienez bi pertsona tiroz aritu ziren bizpahiru minutuz eta 18 pertsona hil zituzten.

Bataclan aretoa (21:49). Dirudienez, hiru erasotzaile ziren eta bi orduz bahituak izan zituzten bertan zirenak. Denbora horretan 89 pertsona hil zituzten tiroz. Segurtasun indarren sarrerarekin amaitu zen erasoa gauerdian. Erasotzaileek lehergailu-gerrikoak lehertarazi zituzten eta bertan hil ziren.