argia.eus
INPRIMATU
Eraso transfobo bat Gasteizen eta homofobo bat Lizarran; eskalada LGBTfobikoaz ohartarazi dute
  • Emakume transexual bat jipoitu dute Gasteizen; Lizarran berriz, hiri-autobusean bi bidaiarirengandik irain homofoboak jasan behar izan zituen hirugarren batek bidaia osoan zehar. Zerbitzu publikoa den heinean protokoloaren inguruan galdetu diote La Estellesa autobus konpainiari, gidariak ez zuelako ezer egin erasoen aurrean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 29a

Maricón de mierda”, “gay de mierda”, “te voy a rajar”… gisako irainak jasan behar izan zituen uztailaren 14an bidaiariak Lizarrako hiri-autobusean, behin eta berriz. Biktimari babesa eman eta salaketa publikoa egin asmoz, Lizarraldeko hainbat kolektibo eta norbanako batu dira, eta manifestazioa deitu dute ostiral honetarako, “zerbitzu publikoak eta kaleak ere gureak dira” lelopean.

Kontatu digutenez, gidariak erasoen aurrean ezer egin ez zuela-eta, La Estellesa autobus konpainiarekin jarri dira harremanetan, zerbitzu publikoa denez izan behar lukeen protokoloaren inguruan galdetzeko eta aktibatu dezala eskatzeko. “Markajea egiten ari gara, baina oraingoz ez digute erantzun”. “Konplize den isiltasunarekin” amaitu nahi dute.

64 urteko emakume transexuala jipoitu dute Gasteizen

Bestalde, Gasteizko LGBTI+fobiaren aurkako Ikusgune behatokiak salatu du uztailaren 22an Gasteizko alde zaharrean 64 urteko emakume transexual bati “maricón de mierda” oihukatu ziotela erasotzaileek, eta oihua nondik zetorren ikusteko buelta eman zuenean aurpegian hiru ukabilkada jaso zituela. Lurrean bukatu zuen emakumeak.

"Eskalada LGBTI+fobiko larri baten aurrean" gaudela ohartarazi du Ikusgunek: “Gaur salatzen dugun eraso honekin 14 dira jada azkeneko hiru hilabeteetan Araban ezagutu ditugun LGTBI+fobia kasuak, trans pertsonak izanik eraso fisiko, gorroto diskurtso eta bazterketa gehien sufritzen duen kolektiboa”.

Eraso hauek gorroto delitutzat hartzeko pausoak

Samuel Luiz galiziarra “marikoi” deitu ostean hil zuten arren, hilketak oinarri homofoboa zuela zalantzan jarri zuen hainbatek, baita delitua ikertu zuen poliziak berak ere, eta halakoak saihesteko neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak. Hemendik aurrera, gorroto delitu izateko kontuan hartzen diren elementuetako bakar bat egotea nahikoa izango da, delitu horren ikerketa gorroto deliturantz bideratzeko. Gorroto delitutzat hartzeko elementuak dira, esaterako, biktima minoria diskriminatu batekoa izatea edota erasotzaileak komentario jakin batzuk egitea. Beste era batera esanda, erasotzaileak “marikoi” esaten badu, gorroto delitua izan daitekeela pentsatzera bideratu beharko du ikerketa Poliziak.