argia.eus
INPRIMATU
Eraso sexistengatik 158 kereila eta 2.000 pertsona balaz zaurituak Txilen azken hiruhilabetekoan
  • Txileko Giza Eskubideen Institutu Nazionalak azken hiru hilabeteetan gertatuko iskanbilen kalteak eta kaltetuen kopuruak argitaratu ditu.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 24a
Argazkia: ANRed

Eraso sexistak salatzeko aurkeztutako 158 kereilez gain, beste 769 aurkeztu dituzte torturengatik. 194 jazarpen-kasu edo sexu-indarkeria dokumentatu dituzte: horietatik 179 biluztera behartzeagatik izan dira. Horrez gain, 9.000 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte.

Txileko presidente Sebastian Piñerak adierazi zuen kasu batzuetan ez zirela bete “ordena publikoa kontrolatzeko indarra erabiltzeko protokoloak", eta jazarpenak egin zirela. Giza Eskubideen Institutu Nazionalak justiziara joko du kasu horietako askoren aurka. Gehiengoa karabineroen kontrakoa da.

Eldiario.es hedabideak aditzera eman duenez, Txileko Poliziak istiluetan erabiliko dituen eskopeten erabilera "mugatuko" duela adierazi du. Protestei aurre egiteko polizien eta armadaren jarduera zalantzan jarri dute nazioarteko hainbat erakundek, besteak beste, Amnesty International eta Nazio Batuen Erakundeak.