argia.eus
INPRIMATU
Eraso sexisten kontrako protokoloa martxan Baionako bestetan
  • Lapurdiko hiriburuan festetan gertatu ohi diren sexu erasoak ezagun dira. Uztailaren 26an hasiko dira Baionako bestak, eta talde feministek eraso horiei aurre egiteko elkarlana aldarrikatu eta protokolo bat abiarazi dute.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 26a
(Arg.: iparraldekohitza.eus).

Baionako Herriko Etxea prebentzio lanak egiten ari da gaiaren inguruko afitxak argitaratuta, informaziorako guneak jarri ditu, eta azken urteetan jaien amaierako balorazioan eraso eta salaketen berri eman du. Paf!, Zutik, Les Bascos, Zizpa Gaztetxea, Aitzina eta Le Planning Familial talde feministek adierazi dute Udala egiten ari den lan hori beharrezkoa bada ere ez dela nahikoa, eta diote ez dela besten bukaerara arte itxaron behar izandako erasoen berri emateko. 2016ko Iruñeko sanferminetako kasua jarri dute adibide gisa, gogorarazteko iaz Nafarroako hiriburuan izandako sexu eraso baten aurrean, festen erdian, Udalak elkarretaratzera deitu zuela erasoa salatzeko.

Protokoloa martxan

Feministen koordinazioak telefono zenbaki bat eman die bai prentsari eta bai Herriko Etxeari edozein eraso izan dela ere jakinaren gainean egoteko. Salaketaren bat baldin bada, hedabideetara oharra bidaliko da eta sare sozialen bidez ere zabalduko da, elkarretaratzerako deialdia eginez. Deialdia egunean bertan edo biharamunean izango da, arratsaldeko 6etan Roland Barthes zelaigunean, laborarien xokoaren aitzinean.