argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoen kontrako bilkura egin dute Bilboko Konpartsek
  • Bilboko jaietan emakume bat jipoitua izan zela salatzeko eta “jai gune seguru eta erasoz askea” aldarrikatzeko bilkura egin dute konpartsek.

ARGIA @argia 2015eko abuztuaren 26a
Ehunka lagun bildu ziren Arriagan Mari Jaiaz lagunduta (arg.: Bilboko Konpartsak)

Uztailaren 23an Bilboko laugarren jai gunean emakume bat jipoitua izan zela jakin eta berehala protesta bilkura egin zuten Bilboko Konpartsek astearte arratsaldean Arriagan.  Gauerdian ere, jaiak eten eta kazerolada egin dute.

Konpartsen esanetan ezinbestekoa da halako erasoen aurrean “erantzun aktiboa” ematea. Hain justu, igandeko erasoa gertatzen ari zela hainbat lagunek aurre egin zioten gizonari, eta hura atxilotzea lortu zuten Udaltzaingoaren laguntzaz.

Bilboko Konpartsek adierazi dute ez dutela onartuko “edozein motako matxismo, sexismo, homofobia, lesbofobia edo arrazakeria jokaerarik”.

 

 

Autodefentsa feminista

Erasoa gertatu baino egun bat lehenago, Bilboko jaien testuinguruan, autodefentsa feminista aldarrikatu zuen mugimendu feministak ekintza ikusgarri baten bidez.

Beltzez jantzita eta buru-berokiak soinean zituztela emakume ugari alde zaharreko kaleetan ibili ziren, lastargiak eskuan, “Erasotzaileak errekara! Beldurra lekuz aldatuko dugu!” oihukatuz besteak beste, Topatu.infok egin duen bideo honetan ikus daitekeen moduan: