Navarra Sumak eraso sexisten aurkako protokoloa aldatu zuela eta sanferminetako erasoen aurkako kanpaina aldebakarrez erabaki zuela salatu zuten iragan astean Iruñeko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak. Emakumeen Kontseiluak gobernu taldeari egindako eskakizunen aurrean, protokoloa zegoen bezala utziko du Mayak. Ikusteke dago Sanferminetako kanpainarekin zer gertatuko den.
Pasa den astean, asteazkenean, Iruñeko Udalarekin elkarbanatu izan duten emakumeen aurkako indarkeriaren aholkularitza taldetik atera zirela jakinarazi zuten Iruñeko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak. Arrazoia: udal gobernuak sexu erasoen aurkako protokoloa aldatu izana, eta sanferminetako egin ohi den kanpaina mugimendu feministaren "adostasunik gabe" onartu izana.
Harrabotsa sortu zuen gertakariak, eta astelehenean Emakumeen Kontseiluak gobernu taldeari exijitu zion sanferminetako eraso sexisten aurkako protokoloa eta kanpaina osorik mantentzeko. Azkenean, Enrique Maya alkateak atzera egin du eta erasoen aurkako protokoloa bere horretan mantenduko du, Iruñeko EH Bilduko zinegotzi Eva Arangurenek ostegunean jakinarazi duenez. Koalizioak prentsaurrekoa egin du Navarra Suma egiten ari den jaien kudeaketaren gainean hitza hartzeko.
Arangurenek emandako azalpenen arabera, astelehenean ezohiko bilera egin zuen Emakumeen Kontseiluak Iruñeko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren eskariz. Bileran lau puntu adostu zituzten, horietako bat izanik protokoloa zegoen bezala mantentzea, udal gobernuak egin nahi zizkion aldaketak aplikatu gabe. Eskakizun horren aurrean protokoloa 2016an adostu bezala utzi du Mayak, "bere aldaketa proposamenari dagokionez atzera egitera behartua ikusi delako", Arangurenen hitzetan.
Protokoloaren auzia itxita, orain ikusteke dago zer gertatuko den sanferminetako eraso sexisten aurkako kanpainarekin. Navarra Sumak aldaketak egin zizkion horri ere, feministek salatu zutenez. Baina Arangurenek jakinarazi du María García Barberena Navarra Sumaren zinegotziak balizko aldaketari ateak ireki dizkion adierazpenak egin dituela, esanez oraindik materiala bidali gabe dagoela eta aldaketak egiteko sasoiz dabiltzala. Kanpainari buruzko erabakiak itxi gabe daude oraindik, beraz, aukeretako bat da hor ere atzera egitea Navarra Sumak, edo ez.