argia.eus
INPRIMATU
Eraso sexistak salatzeko plataforma sortu du Amurrioko Otsemeak talde feministak
  • Erasoak sare sozialetan eta espazio publikoan modu anonimoan salatzeko tresna sortu du Amurrioko neska* gazte feminista taldeak. "Entzun Gaitzatela!" du izena eta internet bidez dago eskuragarri.

Hala Bedi @halabedi 2021eko irailaren 29a

Otsemeak, Amurrioko neska* gazte feminista taldeko kideek, sare sozialen bidez eman dute jakitera "Entzun Gaitzatela!" plataforma jarri dutela abian: erasoak modu anonimoan salatzeko tresna. Adierazi dutenez, eraso anitz ari dira ematen Amurrion "azken boladan" neska* gazteen aurka, jai giroan eta gaueko aisialdiaren eremuan batez ere. Horregatik ikusi dute erasoak publikoki salatuko dituen plataforma sortzeko beharra. Izan ere, "harreman eredu sanoen alde apustu" egiten dutela azaldu dute eta, "jaiak, plazak eta gauak" gozatzeko eskubidea dutela aldarrikatu.

Entzun Gaitzatela! plataforma

Ikusezin gera daitekeen edozein eraso publiko egiteko tresna anonimoa da Entzun Gaitzatela!. Interneten eskuragarri dagoen inkesta bat betez salatu daitezke gertakariak, eta sare sozialak eta espazio publikoa erabiliko ditu talde feministak jasotako eraso horien berri emateko, kartel eta argitalpenen bidez. Inkesta betetzen duten pertsonen nortasuna ez da inon gordeta geratuko.

Kontatu nahi duen horren muga bakoitzaren eskuetan dagoela ziurtatzeko, erantzunak ez dira nahitaezkoak. Hau da, norberak erabakitzen du inkestaren zein galdera erantzun eta zein ez.

Entzun Gaitzatela! "gure arteko babesa sendotzeko eta saretzeko" erabili nahi dutela ere azaldu du Otsemeak-ek. Edozein eratako laguntzarik behar duenarentzako prest agertu dira, eta sare sozialetan edo posta elektroniko bidez (otsemeak@gmail.com) harremanetan jartzeko aukera dagoela gogorarazi dute.