Bilboko Konpartsek hiru aldiz aktibatu dute protokoloa Aste Nagusian zehar. Azkenengoz igandean, larunbat goizaldean jasotako erasoa gaitzesteko.
Hainbat lagun batu dira igande arratsaldean Areatzeko Zubian, jaietan emandako azken eraso matxista salatzeko Bilboko Konpartsek deitutako elkarretaratzean. Izan ere, larunbat goizez hitzez eta fisikoki erasotuak izan direla salatu dute zenbait emakumek, eta eraso sexista eta homofoboa izan zela azpimarratu. Erasoaren aurrean emakumeek eurek eta inguruan zeuden hainbat pertsonak izandako jarrera aktiboari esker informazioa batu eta erasotzailea identifikatzea lortu da.
Aste Nagusiak iraun bitartean lau eraso salatu dira guztira, hiru lehen asteburuan eta laugarrena bigarren asteburuan. Hala ere, Konpartsek behin baino gehiagotan salatu dutenez, aipatutako erasoez gain gehiago ere eman direla jakin badakite. Elkarretaratzean irakurritako komunikatuan erasotzailerik gabeko jaiak nahi dituztela azpimarratu dute, eta bide horretan "autodefentsa sustatzen eta jaiaz gozatzeko eskubidea aldarrikatzen” jarraituko dutela adierazi.