argia.eus
INPRIMATU
Eraso sexista bat izan da Donostiako San Tomas egunean, eta gizona Groseko festa gunetik egotzi dute
  • Adingabe bati eraso egin izana salatu du Groseko Asanblada Feministak. Kontzentrazioa deitu dute asteazken arratsaldean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 26a

Groseko jai gunean egin zen erasoa, arratsalde partean. Brigadako telefonora hots egin zuten adingabe bati egindako erasoaren berri emateko. Groseko Asanblada Feministak protokoloa abiatu zuen, eta egoeraren larritasuna medio, Ertzaintzari jakinarazi zioten. Dena den, hauen jokabidea “lotsagarria” izan zela adierazi dute, sinetsi ez eta ezer egin ez izanagatik.

Erasotzailea auzotik bota zuten, Ertzaintza eta hainbat jende aurka egon arren Asanblada Feministaren esanetan. Jarrera kontrajarriak egon zirela esan dute: “Batzuk etengabe jarri zuten zalantzan gure jarduna, eta zenbait oldartu egin zitzaizkigun, baina beste batzuk, aldiz, hasieratik sinetsi, lagundu eta babestu gintuzten”. Azken hauen jokabidea eskertu dute.

“Gogor salatu nahi dugu gertatutakoa, bai erasoa eta baita gure aurkako jarrera ere”, adierazi dute. Kontzentrazioa deitu dute gaur, abenduaren 26an, 19:00etan Groseko Biteri plazan.