argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxisten kontrako protokoloa aktibatu dute Bilboko Konpartsek
  • Aste Nagusia hasi zenetik jazo diren erasoei erantzuteko, jaien laugarren egunean protokoloa aktibatu dute. Elkarretaratzea egin dute asteartean, gertakariak gaitzesteko.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 21
Erasoak gaitzesteko elkarretaratzea (Argazkia: Bilboko Konpartsak)

Jaiak hasi eta ordu gutxira jazo zen salatutako lehen erasoa. Emakume batek larunbatetik iganderako goizaldean sexu eraso saiakera pairatu zuela jakinarazi zuen. Antzerako gertakariek, baina, ez dute etenik izan, eta Konpartsek salatu egin dituzte jazo diren emakumeen aurkako eraso fisikoak eta sexu eraso saiakerak. Protokoloa aktibatu zuten asteartean, eta elkarretaratze jendetsua egin zen iluntzeko 19:30ean, Areatzako zubian.

Protokoloa aktibatu aurretik jazotako azken erasoa astearte goizaldean izan zen, Urkixo zumarkalean. Bilboko Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera, kalean erretzen ari zen emakume bat bortizki heldu zuen gizon batek eta ukituak egin zizkion. 40 urteko erasotzailea atxilotu egin zuten udaltzainek, eta emakumeak salaketa jarri du.

Konpartsek azpimarratu nahi izan dute bi emakumeren kontrako erasoak konpartsakide batzuei esker eten ahal izan zirela, eta pertsona horien jarrera goraipatu dute: “Azpimarratu gura dugu pertsona horien jarrera kementsua, erasoren bat sumatu dutenean ez dutelako beste albo batera begiratu, baizik eta inplikatu dira bitartekaritza eginez”. Jarrera horiek eredutzat hartuta, herritar orori dei egin die “bortxakeria patriarkaleko forma guztiak desagerrarazteko borrokan” erantzukizunez ardurak hartzera. Emakumeeak, bestalde, autodefentsa feministatik errebeldiaz ahaldundu eta armatzera deitu dituzte.

Astearte iluntzean, eraso berri bat

Protokoloa aktibatu zen egun berean, beste eraso bat gertatu zen, honakoa Ugalde kaleko etxebizitza batean. Gizon batek bere bikotekideari eraso egin zion, eta ostean hilabeteko haurrarekin atxiki zen etxebizitzan. Ertzaintzak atxilotu egin zuen gizona, emakumeari eraso egitea eta haurra atxikitzea leporatuta.

Haurra onik atera zen. Emakumea, aldiz, ospitalera eraman behar izan zuten, zaurituta. Erasotzaileak polizia etxean jarraitzen du, epailearen aurretik igarotzeko zain.