argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxistek ez dute etenik
  • Astelehenean, 55 urteko gizon bat atxilotu dute Iruñean etxekide zuen emakumeari ukituak egitea egotzita. Egun berean, 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute Berrizen, bikotekideari labanaz eraso egiteagatik. Bi lagunek behin-behineko kartzela zigorra jaso dute asteburuan Gijonen bi emakume bortxatzea egotzita. Biktimetako bat Bergarakoa da.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 27a
Bergaran Martxantera talde feministak astelehenean egindako kontzentrazioa. Argazkia: @BergaraIkama

Asteburu honetan, bi emakumek salatu zuten lau gizonezkok bortxatu egin zituztela Gijonen. Ostiraletik larunbaterako gauean gertatu zen erasoa, eta hurrengo goizean salatu zuten komisaldegian 22 eta 23 urteko andrazkoek. Biktimetako bat bergararra da. 

Ustezko lau erasotzaileak atxiloketa judizialean izan dituzte larunbatetik. Orain, Gijongo Instrukzio Epaitegiak behin-behineko espetxeratzea ezarri die horietako biri. Beste biei, biktimengana hurbiltzeko debekua eta komunikazio debekua ezarri diete, Asturiasko Justizia Auzitegi Gorenaren arabera.

Bergarako Martxanterak talde feministak erasoa salatzeko elkarretaratzera deitu zuen astelehen arratsaldean. “Erasorik ez erantzunik gabe!” lelopean “antolakuntza, elkar-babesa eta autodefentsa feminista” aldarrikatu zituzten.

Berrizen, larri zaurituta

Astelehenean, Berrizen, 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute, bikotekideari labanaz eraso egitea egotzita. Emakumea aste gutxitako haur batekin zegoen, gizonak eraso egin zionean. Zauri larriak ditu andrazkoak, horietako batzuk lepo inguruan, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten helikopteroz, arta medikoa jasotzeko. 

Auzokideek Berrizko belodromoaren inguruan ikusi zuten zauritutako emakumea, eta ustezko erasotzailea ihes egiten ari zela konturatu ziren. Ertzainek erasoaren lekutik hurbil aurkitu zuten gizona, jaioberria berarekin zeramala. Momentuz, erasotzailea axilotuta dago, epailearen aurretik pasatzeko zain.

Aste honetan gertatutakoa salatzeko, Udalak komunikatu bat zabaldu du, eta hainbat eragilek elkarretaratzea deitu dute 19:00etan Berrizko Urtiaga Plazan.

Duela hilabete eskas egin zuten azkenekoz eraso matxisten aurkako salaketa, antzeko gertakari baten harira. Anboto hedabidearen arabera, 24 urteko gizon bat atxilotu zuten bikotekide ohia labanaz erasotzea egotzita. Erasoa Basaurin gertatu bazen ere, Berrizen zuen etxean atxilotu zuten gizona.

Iruñean, sexu ukituak

Iruñean, Espainiako Poliziak 55 urteko gizon bat atxilotu zuen astelehenean, etxekide zuen emakumeari sexu erasoa egitea egotzita. Andrazkoak eta bere semeak gizonezkoarekin partekatzen zuten etxebizitzan gertatu zen erasoa. Biktimak Poliziaren aurrean egin zuen salaketa, eta azaldu zuen gizonezkoak bi egunez jarraian eraso egin ziola. Lo egon bitartean hurbildu zitzaion eta bere borondatearen kontra sexu ukituak egin zizkion.