argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxistak direla medio, tentsio handiko eztabaida Trump eta Clintonen artean
  • Emakumeen kontra egindako adierazpenak aurpegiratu dizkio Hillary Clintonek Donald Trumpi. Honek, aldi berean, Bill Clintonek izandako sexu iskanbilak ekarri ditu gogora.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 10
Kanpainako bigarren eztabaida egin dute AEBetako hauteskundeetako bi hautagaiek. (Arg.: Efe agentzia)

Kanpainako bigarren eztabaida egin dute AEBetako hauteskundeetako bi hautagaiek. Eraso sexistak izan dira eztabaidaren ardatz nagusia. Donald Trump hautagai errepublikarrak emakumeen inguruan egindako hainbat adierazpen zabaldu zituen The Washington Post egunkariak bideo batean. Bertan entzun daiteke nola esaten duen gizon boteredunek “edozer” gauza egin dezaketela emakumeekin. Bere alabaren titien tamainari buruz eta emakumeen “adin perfektu” baten inguruan ere aritu izan da hainbatetan, CNN kateak argitaratu duenez.

Adierazpen horiek direla eta, aurkariak irabazi ditu Donald Trumpek. Alderdi Errepublikarraren barnean ere hainbat eta hainbat dira bere hitzen kontra azaldu direnak. John McCain 2008ko hauteskundeetan hautagai izandakoak, esaterako, aditzera eman du ez duela Trump bozkatuko. Mike Pence lehendakariordea ere audioetan entzun daitezkeen komentarioengatik “minduta” azaldu da. Estatuko Idazkari ohia den Condoleezza Ricek, bere aldetik, Trump hautagaiak “duintasunik” ez duela adierazi du, eta beraz, ezin daitekeela lehendakari izan. Eta Mark Kirk senatariak Trumpen hautagaitzarekin atzera egiteko bere nahia azaldu du.

Gizartean ere erreakzioa izan dute bere hitzek. Kelly Oxford New York Timeseko kazetariak dei egin zien munduko emakumeei, bizitzan jasandako sexu erasoak kontatu eta argitaratzeko. Horrela egin dute milaka neskek, eta sare sozialetan zabaldu dute #NotOkey traola erabiliz, hemen ikus daitekeen bezala: