argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxista salatzeko protesta deitu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak
  • 21:00etan eskualde osoko leihoetan zarata egiteko deia luzatu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Atzoko genero indarkeria atxiloketa salatu, eta emakume erasotuei babesa adieraztea da helburua.

Izar Mendiguren Cosgaya @itzulipurdika Aiaraldea @aiaraldea 2020ko apirilaren 05
Atxiloketaren irudia. Argazkia: O. M. / Aiaraldea.eus.

Atzo gauean gizonezko bat atxilotu zuten, genero indarkeria leporatuta Laudion. "Emakume* bat erasotua izan da Laudion. Aski da! Nazkatuta gaude! Erasorik ez, erantzunik gabe!", salatu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak sare sozialetan. Hargatik, mobilizazio zaratatsua egingo dute gaur 21:00etan, leiho eta balkoietatik. Batetik, indarkeria matxista salatzeko; eta, bestetik, erasotuari babesa helarazteko. Ildo beretik, egoera horretan dauden emakumeei babesa adierazteko zapi moreekin ateratzeko proposamena egin dute. "Bizitzen ari garen egoera latz honetan ere ez dugu onartuko inolako erasorik! Erasoen aurrean autodefentsa feminista!", adierazi dute mezuan. 

Berrogeialdian, etxean geratu beharragatik, ugaritu eta indartu egin daitezke eraso matxistak. Aiaraldea Komunikabideak "Zer egin erasotua bazara?" artikuluan bildu zituen erasoren bat jasan baduzu -edo lekuko izan bazara- jarraitu beharreko pausoak.