argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxista jasaten ari zen emakume batek leihotik ihes egin du Basaurin
  • Erasotzailea atxilotu egin du Ertzaintzak, genero indarkeria leporatuta. Basaurikoaz gain, beste hainbat erasoren berri jakin da azken egunotan.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 01
Urduñan jasotako eraso matxista batean aurrean egindako mobilizazioa (Argazkia: Aiaraldea.eus)

Segurtasun Sailak eman du gertaeraren berri.  30 urteko gizonezkoak bikotekideari eraso egin zion, eta emakumeak leihotik ihes egin zuen.

Igandetik astelehenerako goizaldean jazo zen gertakaria, Basauriko Basozelai auzoko etxebizitza batean. Emakumeak salatutakoaren arabera, honen bikotekideak eztabaida hasi zuen berekin, irainei eta kolpeei bide eman ziena. Gizonak emakumea jipoitzeari ekin zion; emakumea itotzen hasi zen unean, honek bere osotasuna arriskuan zegoela antzeman zuen, eta ihesari eman zion leihotik. Beheko solairuko segurtasun barroteei helduta, kalera heltzea lortu zuen.

Behin etxebizitzatik kanpo, auzokideek emakumea artatu dute, eta Ertzaintzari gertaeren berri eman. Gizona genero indarkeria leporatuta atxilotu zuten, eta emakumea Gurutzetako ospitalera bideratu.

Jazoeraren aurrean, Basauriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du asteartean, 19:30ean San Pedro plazan.

Eraso andana azken egunetan

Basaurikoaz gain, erasoren gehiagoren berri eman dute jakitera azken egunotan. Erasoak Donostian, Erandion, Barakaldon eta Bilbon jazo dira.

Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, emakume batek astelehen goizean salatu zuen gizon batek eraso egin ziola irailaren 19ko ostegunean, Donostian. Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen egun bereko arratsaldean, erasotzailea delakoan.

Bilbon gertatu da beste eraso bat, larunbatean, Uribarri auzoko jaietan. Erasoarekin loturan, bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak, eta epailearen aurretik pasa ostean aske geratu ziren astelehenean. Egunero pasa beharko dira epaitegitik.

Astelehenean, indarkeria matxista kasuengatik bi atxiloketa gehiago burutu ziren Bilboaldean. Bata goizaldean: 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, emakume bati sexu erasoa egin izanagatik. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, astelehen goizaldean emakume gazte bat Bolueta inguruetan zen Udaltzaingoaren patruila batengana hurbildu zen, jakinaraziz ezagutzen zuen gizonezko batek sexu erasoa egin ziola inguruetako diskoteka batean. Gizonezkoa diskotekan bertan atxilotu zuten, eta astelehen arratsaldez epailearen aurretik pasa zen, nahiz eta erabakiaren berri ez duen eman Sergurtasun Sailak. Emakumea ospitalera bideratua izan zen.

Beste atxiloketa Barakaldon burutu zen. 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekidea jo eta lurrera bota izanagatik.

Horrez gain, Bilboko Deustu auzoan ere elkarretaratzea egin zuten astelehenean, emakume batek larunbatean pairatutako eraso jarraituak salatzeko.