argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxista bat eta homofobo bat salatu dituzte Zornotzan
  • Erasotzaileek harriak bota zizkieten adingabeko bi gazteri. Mutilari “marikoi zikina” deitu zioten, eta neskak irainak jaso zituen, laguna defendatzeagatik. Duela hilabete, beste bi eraso homofobo eta matxismo kasu bat salatu zituzten herri berean.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 20a
Erasoak salatzeko astelehenean egindako elkarretaratzea, Zornotzako Erreferendum Plazan. Argazkia: Lab Durangaldea

Ostegunean jazo zen erasoa. Crónica Vascak emandako informazioaren arabera, batxilergoko ikasle bi lagun koadrila batekin zeuden bilduta, eta inguruan zeuden gazte batzuk harriak botatzen hasi zitzaizkien. Mutilari “marikoi zikina” deitu zioten, eta azalpenak eskatuz haiengana hurbildu zenean, neskak ere irain homofoboak jaso zituen.

Astelehenean, Akelarren Aniztasunaren Aldeko Plataformak eta Zornotzako Talde Feministak elkarretaratzea egin zuten. "Baimenik ez aske izateko" lelopean salatu zituzten uztailaren 15eko eraso homofoa eta matxista.

Ekaineko erasoak

Duela hilabete, beste eraso homofobo bat eta eraso matxista bat salatu zituzten Zornotzan. Deiak eman zuen jazoeraren berri. irain homofoboak jasan zituen mutil bat defendatzen saiatu zen Maider Uribarri 22 urteko gaztea, eta erasotzaileek hura ere mehatxatu zuten: “Birrindu egingo zaitut, lodi puta, bollera zikina”. Akelarre eta Zornotzako Talde Feministak gertatutakoa salatu zuten, orduan ere.