argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxista bat salatu dute Amurrion
  • Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 11
2024ko A25eko manifestazioa Amurrion Aiaraldea.eus

Amurrioko Emakume Sareak Aiaraldea komunikabideari gertakariaren inguruko informazioa eskaini dio. "Emakume bat kaletik paseatzen zebilela gizon bat izan zuen jarraika masturbatzen ari zela". Horren ondorioz, Sareak gertatutakoa salatzeko asteartean 19:00etarako elkarretaratzera deitu du, eta gogoratu du urteko bigarren erailketa matxistatik "astebete eskas" pasa dela. 

Gainera, Amurrioko Emakume Sareko kideek azpimarratu dute indarkeria matxistak "jazarpen sexual eta intimidazioaren bidez emakumeen bizitzak baldintzatzen" dituela, eta "gorputzak sexualizatzeaz, objektu sexual bezala ikusiak izateaz, eta kalera ateratzen direnean halako egoerak bizitzeaz nazkatuta" daudela diote.

Gizartearen "konplizitatea" eta instituzioen "pasibotasuna" ere salatu dituzte, "bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko neurriak har daitezela" exijitzearekin batera. Emakume Sareak "autodefentsa feministarako" deia zabaltzen bukatu du adierazpena eta borrokan jarraituko dutela esan dute.

Bilboko Atxuri auzoan ere beste salaketa bat

Bilboko Atxuri auzoan 16 urteko neska batek gizon batek egindako sexu erasoa salatu du 24 orduz Zorrozaurreko pabiloi batean gatibutzan izan ondoren. Hala jaso du Ecuador Etxeak bere albistean. Adin txikiko neskatoa, adimen urritasuna duena, urtarrilaren 24an desagertu zen etxetik basura botatzera irten zenean. Ertzaintzak neskatoaren familiak jarritako salaketaren inguruko ikerketa abiatu du eta ustezko erasotzailearen irudiak dituztela adierazi dute. 

Itaiak gertakaria salatzeko mobilizazioa egin du astelehenean Atxuriko Enkarnazio plazan 17:00etan.

Ecuador Etxeak Bizkaian azken urteotan izaten ari den tendentzia "kezkagarri" gisa identifikatu du, 2024. urtean inoiz jaso diren salaketa gehien (3.611) izan direlako. Haien aburuz, hazkundea egon da gazteen arteko gorakadaren eta matxismoak suposatzen duenarekiko kontzientzia-hartzearen ondorioz. Horren aurrean, "ezinbestekotzat" jotzen dute "elkarrekin lan egiten jarraitzea indarkeria matxista bere forma guztietan desagerrarazteko". 

Itaiak atxurin egindako elkarretaratzea Bilboko Itaia