Donostiako Ondarreta hondartzan itsasotik atera eta komentarioak, begiradak, argazkiak, askotariko irainak eta mehatxuak jasan behar izan ditu emakume talde batek. “Lesbiana putak, nazka ematen duzue, ez zarete batere femeninoak…”. Inguruan zegoen jendearengandik ez dutela babesik jaso ere nabarmendu du lagun taldeak. “Horrelako biolentzia” salatzeko protesta egin dute, astearte honetan.
Pasa den igandean, arroparik gabe itsasoan bainu bat hartzetik ateratzen ari zirela, gizon batek argazkiak atera zizkiela salatu dute emakumeek. Argazkiak ezabatzeko agintzera gerturatu zirelarik, beste gizon batek hitzez etengabe eraso zituela gaineratu dute, tartean mehatxu ugari eginez. Gaztelaniaz, “lesbiana putak, nazka eta botagura ematen duzue, ez zarete batere femeninoak, joan guraizearena egitera, zorra putak… eta horrelako beste hainbat. Gertatutakoa ez da soilik eraso bollofoboa, eraso lodifobo, matxista, putofobo, klasista, faxista izan da”, gaineratu dute.
Inguruan jende askok egoera ikusi arren, ez zutela babesik jaso ere aipatu dute. “Utzi Kursaala ortzadarrez margotzeari, ez izan erasotzailearen konplize, erantzun dezagun kolektiboki erasoen aurrean”, aldarrikatu dute. Hain juxtu, astearte arratsalde honetan protesta egin dute, “horrelako biolentziari irmo eta gogor” erantzuteko. Borroka transfeministan jarri dute indarra.
Bikote homosexualari harria bota diote Uribarri-Ganboan
LGTBfobiaren Aurkako Egunaren bueltan ere, halako erasoen berri ematen aritzea bada esanguratsua. Donostiako horrez gain, adibidez, beste eraso bat salatu dute egunotan Uribarri-Ganboan. Arroiabeko hondartza nudistaren inguruan, gizon bikote bati “marikoi zikina” oihukatu eta harria bota diete. Harriarekin gizonetako bat jo dute eta honek salaketa jarri du Ertzaintzan.
Ikusgune Gasteizko LGTBI+ Behatokiak urteroko txostena argitaratu du, 2021eko erasoen datuekin. 27 gertakari LGTBI+fobiko zenbatu ditu iaz, eta transfobiak eta gorroto diskurtsoak hazten jarraitzen dutela nabarmendu dute.