argia.eus
INPRIMATU
Eraso lesbofoboa
Musuka ari ziren bi emakume Gasteizko taberna batetik kanporatu zituztela salatu dute
  • Gasteizko mugimendu transmaricabollo eta feministak eman du eraso lesbofoboaren berri. Azaldu du ez dela lehen aldia halakorik gertatzen dena eta hori salatzeko manifestazioa deitu dute gaur.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 27a
Mugimendu feministak prentsaurrean azaldu du gertatutakoa (arg: Hala Bedi)

Larunbat gauean gertatu zen erasoa. Bi emakume musukatzen ari ziren Gasteizeko taberna baten barruan, bertako arduradunak bultzaka kanporatu zituenean.

Emakumeek salaketa jartzea erabaki zuten eta Ertzaintzaren egoitzara gerturatu ziren. Bertan jasotako tratua txarra izan zela eman dute aditzera. Izan ere, euren testigantza “kolokan” jarri zutela azaldu dute. Horrez gain, “gertatutakoa eraso bat ez zela izan” esan zietela ere azaldu diote ARGIAri Gasteizeko mugimendu transmaricabollo eta feministatik. Gaineratu dute ez dela egoera hori ematen den lehenengo aldia. Izan ere, udatik hona hiru bider salatu dute “Ertzaintzak txarto tratatu izana”.   

Tabernako jabeari dagokionez, ez du adierazpen publikorik egin. Eta berarekin harremanetan ez direla jarriko adierazi dute salatzaileek. Gasteizeko Udaletik ere ez dute deirik jaso. Irabazi koalizioak publikoki eskatu zion Gasteizeko udalari erasoa salatzeko.

Gasteizeko mugimendu transmaricabollo eta feministak aditzera eman duenez, larunbatean gertatutakoa “askatasunaren kontrako eraso zuzena da”. Hori dela eta, manifestaziora deitu dute ostegunerako 20etan Gasteizeko Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta.