argia.eus
INPRIMATU
Eraso homofoboen ondorioz futboleko epaile izateari utzi dio gizon batek Bizkaian
  • Arbitroaren arabera, Muskizko Muñatones taldeko presidenteak atsedenaldian taldeari ozen esan zion, lau haizetara entzun zedin (gazteleraz): "Arbitroa putakumea da, marikoia, baina marikoi aitortua, kabroi hutsa, eta ez digu ezer egiten utziko partidan eta beti gure kontra arituko da". Hori entzunda arbitroak partida bertan behera utzi zuen, eta kotxera joan zenean bi ispiluak eta atzeko euritakoa hautsita aurkitu zituen. Salaketa jarri du ertzaintzan.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko urtarrilaren 08a

Eldiario.es-en albistean irakur daitekeenez, urtarrilaren 4an jubenilek jokatutako partidan izan ziren eraso hauek. Muskizko Malekon Berria zelaian partida jokatu zuten etxeko Muñatones taldeak eta Asti Leku B-k. Anonimatoa gorde nahi izan duen arbitroak idatzitako akta eskuratu du eldiario.es-ek. Akta honetan jaso du arbitroak atsedenaldian Muñatones taldeko lehendakaria entzun zuela builaka, aldagela guztietatik entzuteko moduan, aipatutako irainak jaurtitzen. Esaldi horiek behin eta berriz errepikatu omen zituen lehendakariak, arbitroaren aktaren arabera eta beraz, arbitroak partida amaitzea erabaki zuen "normaltasun osoz, lehen zatia amaituta zegoen horretan (1-1 markagailuan, bisitariek hutsegindako penalti batekin). Muñatoneseko lehendakariak giroa berotzeko egin zituen komentarioen ondorioez, jokalariak zelaira amorratuta aterako baitziren".

Lana kobratu gabe eta kotxean aberiak eginda

Arbitroak partida bertan behera utzi zuelako, Muñatones taldeko presidenteak erabaki zuen arbitroari bere lanagatik dagozkion 39 euroak ez ordaintzea. Partidaren ostean kotxera jo zuen arbitroak eta bi ispiluak eta atzeko euritakoa hautsita aurkitu zituen. Gertatutakoa Muskizko Ertzaintzan salatu du.

Zortzi urte arbitro izan ostean uztea erabaki du sentitutako babesgabetasunagatik

"Bizkaiko zelaietan zortzi urtean arbitro aritu ostean, eta honen antzekorik lehenago gertatu izan gabe, erabaki dut ez arbitratzen jarraitzea, pairatu dudan babesgabetasunaren ondorioz" idatzi du, eldiario.es-en arabera. Bestaldea, arbitroak eskertu du Asti Leku taldea uneoro beragatik kezkatu delako.

Bizkaiko Futbol Federazioko lehia komitea urtarrilaren 8 arratsaldean bilduko da eta eraso hauek nola zigortu aztertuko du.