Larunbatetik iganderako gauean, jende gehiagorekin batera Hondarribiko jatetxe batetik ateratzen zelarik gizon bati beste batek iseka eta irain homofoboak egin zizkion eta jo egin zion aurpegian. Ertzaintzak erasotzailea izan daitekeena identifikatu du. Astearte arratsalde honetan elkarretaratzea deitu dute, gertaturikoa salatzeko.
Biktimak aurkezturiko salaketa Irungo epaitegian ari da bidea egiten, lesio delitu arinagatik da salaketa, eta jasotzen da erasoak motibazio homofoboengatiko larrigarria izan dezakeela. Ertzaintzak gizon bat identifikatu du erasotzaile gisa eta gertaturikoa ikertzen ari da. Epaiketa azkarra egingo da.
Hondarribiko Udaleko alderdiek (EAJ, Abotsanitz, PSE eta EH Bilduk) adierazpen bateratua atera dute eta astearte arratsaldean egingo den elkarretaratzera deitu dute, 19:00etan Martxoak 8 plazan.
Adierazpenean, erasoa jasan duen pertsonari gertutasuna eta elkartasuna adierazi eta gertaera gogor gaitzetsi du Udalak. “Eraso homofobo horrek Hondarribiko errespetuzko bizikidetza hautsi du, eta, horregatik, Hondarribiko Udalak nabarmendu nahi du antzeko ekintza guztiak, giza eskubideen urraketak diren aldetik, lekuz kanpo daudela, pertsona guztiok baitugu duintasunez bizitzeko eskubidea”.
Sexu aniztasunaren aldeko lanean “egindako aurrerapenak aitortzen ditugu, baina asteburu honetan pertsona batek jasan dituen erasoek gaur egun oraindik ere dauden oztopoak eta oraindik egiteko dagoen lana erakusten dituzte. Aniztasun sexualaren eta pertsonak beren orientazio sexualagatik edo genero-identitateagatik ez baztertzearen aldeko politiketan inbertitzeko beharra dagoela egiaztatzen dugu”, dio, eta konpromisoa hartu du horretan lan egiteko.