argia.eus
INPRIMATU
Eraso faxisten aurrean, auzolana deitu dute Bilbo Zaharrean
  • Igandetik astelehenerako gauez egindako eraso faxistaren ondorioz, Bilbo Zaharra pintaketa faxistaz josita agertu da astelehenean. Hainbat mural eta lokali egin diote eraso. Erasoak eragindako kalteak konpondu eta faxismoari aurpegia emateko, auzolana deitu dute astelehen arratsaldean.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 28a
Eraso egin dioten muraletako bat

Auzoko plazan, “Antifaxistak” irakur daitekeen muralaren gainean “Arriba España, hemos vuelto” (“Gora Espainia, itzuli gara”, euskaraz) idatzi dute, eta mural bera erabili dute Sare Antifaxistako kide bati heriotza mehatxua egiteko. Ukabila altxatuta ageri da neskato bat gertuko mural batean, eta honen gainean zakil bat marraztu dute. Horiez gain, Xosé Tarrío González militante anarkistaren omenezko muralari ere egin diote eraso.

Muralak alde batera, auzoko hainbat lokal ere izan dituzte jopuntu: erasotutako muralen plaza berean kokatutako Xake Espazioan “Katalunia Espainia da” idatzi dute; plazatik harago, auzoko beste bi lokalen aurka ere egin dute eraso, Lamana kaleko Faktoria Lila eta Pikara Magazineren lokalen kontra. Plazako erasoekin egindako aldarriak Espainiaren batasunaren aldekoak eta independentziaren aurkakoak baziren, azken lokal hauetan feminismoa izan dute jomuga: “Soros-en putak” irakur daiteke DNJren izenean sinatutako pintaketa horietako batean. DNJ siglak Democracia Nacional Joven taldeari dagozkio, eskuin muturreko Democracia Nacional (DN) alderdiko gazteen sekzioa dena.

Auzolan Feminista

“Margotu, sistah!” lelopean, astelehen arratsaldean auzolan feminista antolatu dute Lamana kaleko bi lokalek, eta jendeari dei egin diote margoekin, musikarekin edo garagardoekin bertaratzeko. Faxismoa garbitzetik urruti, honen gainetik igarotzeko asmoa agertu dute.

Mobilizazioa azaroaren 8an

Gertakariak salatzearekin batera, azaroaren 8an Sare Antifaxistak, Ekainak 28 Koordinadorak eta SOS Arrazakeriak elkarteak mobilizazioa deitu dutela gogorarazi dute. “Mila kolore, faxismoaren aurka!” lelopean, Arriagatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan.

Kristal Hautsien Gaua oroituz egingo da mobilizazioa. Izan ere, 81 urte beteko dira 1938ko azaroaren 9tik 10erako gauez Alemanian eta Austrian SA Asalto Tropek eta hainbat herritarrek judutarren aurka egindako erasoetatik. Holokaustoaren abiapuntutzat jo du askok gau hori.