Donostiako Amara auzoko Askabide klinikaren parean gertatu zen erasoa iragan ostegunean, Amarako Feministak taldeak salatu eta Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez. Abortuaren aurkako kontzentrazioaren ondoan afixa feministak jartzeagatik egin zion eraso gizonak emakumeari, lesioak eraginez.
Irutxuloko Hitza-k erasoa jasan zuen Mari Paz Casanovaren testigantza jaso du. Casanovaren esanetan, klinikaren aurrean abortuaren aurka otoitz egiten ari ziren “ultrakatolikoen” aurrean kartelak jartzera hurbildu zen Easo kalera. Lehenago ere egin dituzte abortuaren aurkako mobilizazioak klinikaren parean. Ohikoan taldean joaten omen dira feministak afixak jartzera, baina iragan ostegunena bakarrik egin zuen. Jarritako kartelei argazkiak ateratzen ari zela sumatu zuen gizona “ero moduan” hurbiltzen. “Denak hilko zaituztet” eta bestelako oihuak zuzendu zizkiola eta kartelak apurtzen hasi zela adierazi du, eta bera kartelak babesten saiatzean, “besoetatik gogor heldu eta aurpegian jo” zuela. Erasoaren ondorioz tendinitisa sortu zaiola ziurtatu du Casanovak, eta gauen min “handia” duela.
Erasotzaileak alde egin zuen jarraian, beti ere Casanovaren esanetan, baina herritarrei esker Antso Jakituna hiribidean atzeman zuten. Ertzainak gizona identifikatu zuen, eta Casanovak salaketa jarri du bere aurka
Mobilizazioa
Amarako Feministak taldeak kontzentrazioa antolatu du astelehen arratsalderako, arratsaldeko 18:00etan Askabideren klinika parean. “Antiabortistek 20 urtetik gora daramate bai klinika, bai bertaratzen diren emakumeak jazartzen”, azaldu diote Irutxuloko Hitza-ri. Hori bera “onartzezina” dela dio talde feministak, baina osteguneko erasoarekin “urrunegi” joan direla.