Arrigorriagako Udalak elkarretaratzea egin du igandean udaletxeko plazan, ostiralean txinatar jatorriko merkatari batek bere dendan jasandako erasoa salatzeko eta biktimari babesa adierazteko. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea antolatu du abenduaren 31n Baionan, Janice Froidefond-ek eguberri egunean jasandako eraso arrazista salatzeko.
Abenduaren 27an, 21:30ak inguruan, gutxienez hiru gizonek txinatar jatorriko merkatari bat jipoitu zuten Severo Otxoa kalean duen dendan. Hiru gazte dendara sartu ziren eta bertako gauzak mugitu zituzten. Merkatariak kargu hartu zien, eta orduan, gazteetako batek kolpatu egin zuen; lurrera erori ondoren, beste bi gaztek ostikadak eman zizkioten. Ondoren, erasotzaileek ihes egin zuten.
Jasandako lesioen ondorioz ospitaleratu egin zuten Arrigorriagako bizilaguna, beso bat eta hanka bat hautsita ditu, begi ondoan kolpe handia izateaz gain. Jada bere etxean da, baina ebakuntza baten zain dago.
Dendariaren alabak adierazi du aurretik ere hainbat liskar izan dituztela erasotzaileekin, eta inguruko merkatariek ere azaldu dute familiakoek aurretik irainak jasan izan dituztela.
Ertzaintzak jakinarazi du erasotzaileetako batek, 20 urteko gazte batek, bere burua entregatu duela ertzain-etxean, eta epailearen aurrera eraman dutela. Gainerako erasotzaileak identifikatzeko eta atxilotzeko ikerketa zabalik dago. Arrigorriagako Udalak erasoa gogor gaitzetsi du eta elkartasuna adierazi dio biktimari eta bere familiari. Ertzaintza gorroto delitua izan den aztertzen ari da.
Janice Froidefond-ek Berriari azaldu dionaren arabera, kotxean zihoala Mercedes gris bateko gidari batek atzetik jarraitu zion. Emakumeak kotxeko leihotik zigarroa lurrera bota zuen eta Mercedesean zihoan gizonak behin eta berriz galdetu zion ea ez al zen errudun sentitzen. Ondoren, argi luzeak jarrita denbora luzez jarraitu zion Froidefondi. Semaforo batean gelditu eta gizonak berriz galdera berdina egin zion. Orduan, emakumea autotik atera zenean argiak itzaltzea eskatzeko, negar-gasa bota zioten aurpegira, irain arrazistak eginez: "Orain zoaz, beltz zikina".
Aldi berean, beste bi gizonek kotxean zihoan haren ahizpa lurrera bota eta kolpeak eman zizkioten. Froidefond ahizparengana abiatu zenean gizon horietako batek buruan kolpe bat eman, eta bost minutuz konorterik gabe utzi zuen. Erasotzaileek, gainera, Froidefonden autoaren giltzak lapurtu eta alde egin zuten.
Biktimak Poliziaren jarrera ere kritikatu du. Begietan negar-gasa, gorputzean zauriak, eta kotxeko giltzarik ez zuen arren, poliziak ospitalera beren kabuz joateko esan zietelako, bestelako laguntzarik eman gabe. Froidefondek eta haren ahizpak salaketa jarri dute, eta hiriko segurtasun-kameren bidez erasotzaileen autoaren matrikula identifikatzeko itxaropena dute.
Erasoa eta "azken asteetan" Baionan agert udiren "pegatina faxistak" salatzeko mobilizazioa deitu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, eguerdiko 12:00etan, Baionako Merkatu Plazan.