argia.eus
INPRIMATU
Eraso arrazista bat salatu dute Zestoako jaietan
  • Zestoako Gazte Asanbladak ohar bidez gaitzetsi du erasoa: "Garbi gera dadila gure espazioetan ez dugula inolako erasorik onartzen".

ARGIA @argia 2024ko irailaren 02a
Zestoako festetako irudi bat. / Danbolin

Jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan Zestoan, eta horren testuinguruan, joan den larunbatean Gazte Eguna antolatu zuten. Txosnagunean eraso arrazista bat gertatu zela salatu du igande goizean sare sozialetan erabiltzaile batek, Izaskunek: "Atzo gauean, Zestoako jaiak izanik, txosnagunean nintzela senarrarekin, bi tipo hurreratu zitzaizkion nire senarrari eta Vete a tu país (Joan zure herrialdera) esan zioten. Eraso guztiak salatu behar diren moduan, eraso xenofobo eta arrazistak ere bai!". Beste erabiltzaileen babes handia jaso zuen sareetan.

Iluntzean, Zestoako Gazte Asanbladak komunikatua atera du. Lehenik, gaitzetsi egin du gertaturikoa eta "elkartasun osoa" adierazi dio erasoa jasandako herritarrari. Eta honela segitu du adierazpenak: "Garbi gera dadila gure espazioetan ez dugula inolako eraso arrazista, matxista, homofobo eta abarrik onartzen, eta jarrera horiek dituzten pertsonak ez direla ongietorriak". Gauzak horrela, asteburuan egingo diren festei begira "neurriak hartzen" saiatuko direla esan du gazte asanbladak.