argia.eus
INPRIMATU
“Erantzunik gabeko galderak botatzen dituzten filmak gustatzen zaizkigu”
  • Denbora. Horra Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo protagonista. "Gure festibalean erantzunik gabeko galderak botatzen dituzten filmak dira gehien gustatzen zaizkigunak, eta denbora interrogante handi bat da", adierazi digu Oskar Alegria jaialdiko zuzendari artistikoak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko otsailaren 08a
Denbora, Ikuspunturen aurtengo protagonista, \"pertzepzio pertsonala baino ez da\" Oskar Alegriarentzat (argazkia: Dani Blanco).

Hamar urte beteko ditu aurten Ikuspuntuk, eta otsailaren 14ra bitarte, dokumental ugari eskainiko dituzte Iruñean. Horien artean, denbora hizpide duten fikziozko 50 film baino gehiago. "Pertzepzio pertsonala baino ez da denbora”, diosku Alegriak: “Poeta batek erran zidan, zoriontsu izan nahi baduzu, ez begiratu denborari. Bada, kontrakoa egin dugu guk. Menturaz akatsa baino ez da, baina akatsean eta istripuan sinesten dugu. Fermuki".

Besteak beste, Jean-Daniel Pollet (1936-2004) zinemagile frantsesari atzera begirakoa eskainiko dio jaialdiak eta Pio Caro Baroja etnografoa omenduko du. Euskaldunoi buruzko lanak jasotzen dituen Chez les Basques saila ere mantendu dute. "Bi harribitxi berri kausitu ditugu, biak artzainekin lotuta, bortu artzainekin, zuzen erraiteko. Lehendabizikoak Garazi izena du, bertzeak Santazi. Haien artean errima kuriosoa sortzen da, ber poemaren parte baitira. Desagertzeko zorian dagoen edo jada desagertuta dagoen mundu baten potreta dira", azaldu du Alegriak.

Ikusi egitaraua egunez egun.