Herritar bakoitzaren betebeharra da jarrera eredugarria izan, errespetuz jokatu eta gizarteari bere aletxoa jartzea, txikia bada ere, denon mesederako izan dadin. Horregatik, behin gaueko orduak heltzean zaratarik ez duzu egingo bizilagunaren atseden orduak errespetatzeko; zakarra zakarretara botako duzu –eta ahal bada birziklatu– planetaren mesederako; garraio publikoan bidaiatzean, umeen negarrak entzutea egokitzen bazaizu, muturra okertu gabe jasango dituzu; liskarrak saihestuko dituzu; eta adinekoei edo mugikortasun ezintasunak dituztenei lagundu egingo diezu hala behar dutenean.
Albisteen errepasoa egin eta jabetzen zara inoizko diru irabazirik handienak izan dituela etxe alboan zeneukan banka-entitateak. Leihatila itxi zuen duela bizpahiru aste, arrazoi sendo eta argirik eman gabe. Pentsatuko duzu, irabaziak baino galera ekonomikoak ekarriko zizkiola zerbitzua zabalik mantentzeak, eta horregatik hartuko zuela ixteko erabakia. Finean, murrizketak aplikatu dituela errentagarri izateko, herritarrei zuzendutako zerbitzuek ere errentagarri izan beharko luketela dioen patroiari jarraituz.
Azkenean, etxe alboan zenuen leihatilara beharrean, aurrerantzean, zurea den diruaren bila joateko, beste auzo bateko leihatilara bertaratu beharko duzu. Han elkartuko zarete hiru auzoetako bizilagunak, hirugarren hartan ere itxi egin dutelako leihatila. Edo okerrago: herriko zerbitzu bakarra kendu eta alboko herrira joan beharko duzu. Ilaran jarri, inoiz baino gehiago itxaron, aurretik eta atzetik dituzunei begiratu eta gauza bera pentsatzen ari zaretela ulertu: "Hauxe da dagoena".
Atzera ere albisteei begira jarri eta bezero zaren banka-entitateko presidente jauna ikusten duzu hizketan. "Bidegabea" dela dio irabazi handien gaineko zerga berezia aplikatzea, haiei "esker" funtzionatzen duelako ekonomiak. Bestalde, bere burua aurrerakoitzat definitzen duen gobernuak "erantzukizun soziala" eskatu die bankari eta enpresari handiei, eta gauza bera entzun dugu hedabide handien solasaldietan: ez dela zilegi beste orbita bateko hipotekak ordainarazi eta horien bidez aberastea, hori ez dela eredugarri izatea.
Kale gorrian gera zaitezke putreek bezala espekulatzen duen bankaria delako zure maizterra; zure bankariak armak bidaltzen jarraituko du edozein gerratara herri xehearen odolaz zikintzeko; eta, aldi berean, petrolioa utzi eta kotxe elektrikoa erostera bultzako zaitu bankari lagunak, ingurumenaren mesedetan delako. Edo etxebizitza erostera animatu, nahiz gero kreditu bat eskatu eta aukerak mila bider zaildu. Konbentzitu beharko duzu azken urteetako nominak eskuan hartuta. Gero, hori bai, zure ardura da ordaintzea. Baina agintzen duena Euribor indizea da: 150.000 euroko hipoteka baldin baduzu, hilean 300 euro gehiago ordaintzeko loteria egokitu zaizu. Mauka ederra, dena den; inon gutxi aurki daitezke-eta gaur egun prezio horretako etxebizitzak.