argia.eus
INPRIMATU
Erantzukizun publikoak hartzea eskatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpenean
  • Torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira Donostian Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezteko, otsailaren 15ean. Ekimenak torturatuen bozgorailu izan nahi du, eta oraindik torturen berri eman ez duten herritarrak sarera batzera animatu dituzte. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari “aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak” garatzeko eskatu diete.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko otsailaren 17a
Agurtzane Alustiza eta Iker Moreno, 900 torturatuen izenean Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkezten. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Kursaal jauregian, Frankismoaren “garai ilunenetatik” hasita duela gutxira arteko epean torturak jasan dituzten 900 lagun bildu dira. Han elkartutakoen izenean hitz egin dute Agurtzane Juanena Alustizak eta Iker Moreno Ibañezek.

Sarea publikoki aurkezteko ekitaldia izan da larunbatekoa. Sarearen helburua torturatuentzako “baliagarria izango den tresna bat” garatzea da, eta jasandako torturak oraindik argitara eman ez dituzten herritarrei dei egin diete sarearekin bat egitera. “Milaka ahots isilarazi eta ukaturen bozgorailu” izan nahi du sareak eta torturatuen errealitatea gizarteratu.

Alustizak azaldu du Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketak 5.000tik gora tortura kasu jasoak dituela, “askoz gehiago daudela jakin arren”. Alustizak eta Morenok Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete “aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak” garatzeko, haien kasu konkretuekin egin bezala,eta 1960tik 2014ra bitarte jasotako kasu guztiak aztertzea eskatu dute, “torturaren hamarkadetako ukazioa behingoz amaitzeko”.

Erantzukizun partekatua

Bestalde, erantzukizun publikoak hartzeko ordua dela adierazi dute, eta Espainiako Estatuko Segurtasun indarretatik harago daudela erantzuleak. Euskal Herrian tortura sistematikoa izan dela salatu dute eta “egitura oso baten babespean” gauzatu dela; epaileak, mediku forentseak, hedabideak eta hainbat indar politiko jarri dituzte, besteak beste, fokupean. Torturen aplikazioan erantzukizun publikoa hartzea ezinbestekotzat dute torturatuen aitortzaren eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko.

Azpimarratu dute “torturak Euskal Herrian duen tamaina, dentsitatea eta intentsitatea oraindik ez direla ezagutzen bere osotasunean”. Tortura ez dute mugatu sufritu dutenengana eta haren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ezagutaraztea eskatu dute. Horretarako, begirada feminista izatea aldarrikatu dute.

Gertatutakoa ondorengo belaunaldiei kontatzea zor zaiela adierazi dute, zergatik torturatu zituzten eta testuinguru politikoaren arrazoiak azaldu behar direla aldarrikatu dute. Ariketa hori egitea jo dute torturak berriz ez gertatzeko berme eraginkorrenetzat.

Sufriarazi zietena ahalduntze kolektiborako erabili nahi dute: “Garrantzitsuena ez delako egin ziguten hura, baizik eta egin ziguten harekin egiteko gai garen hori”.

Ahotsa.info-n Agurtzane Alustizaren hitzartzea: