argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Erandion lau metroko altueratik erorita
  • 2023an dagoeneko 45 pertsona hil dira lan istripuetan Euskal Herrian. Halaber, aurten altueratik erorita hiltzen den laugarrena izan da 32 urteko langilea.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 19a
Argazkia: LAB

Erandion amianto egitura bat eraisten ari zela lau metroko altueratik erorita larriki zauritu zen langilea hil da, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Sindikatuak adierazi du Reformas Mayer enpresako 32 urteko langileak ez zuela babeserako lotura sistemarik erorketa gertatu zenean.

“Bereziki deigarria da amiantoa kentzeko prozedura baten baitan horrelako istripu bat izatea, prebentzio neurriak eta enpresariaren partetik ezarritako kontrola muturrekoa izan beharko litzatekeenean”, adierazi du LABek. Halaber, azpimarratu du horrek erakusten duela “ez dela prebentzio araudia betetzen” prozesu arriskutsuak izanik ere: “Langileek beren bizitzarekin ordaintzen dute hori”.

2023an dagoeneko 45 pertsona hil dira lan istripuetan. Erorketagatik iaz 11 hil zirela adierazi du sindikatuak, eta aurten dagoeneko lau dira. Horren atzean dagoena salatu du: “Onartezina da horren maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta Gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Horren atzean erabaki politiko bat dago”.

Konponbiderako deia

Prekarietatea “laneko heriotzak eragiten dituen arrisku faktorea” izateaz gain “esplotazio-modu bat” dela salatu du LABek. Konponbiderako “langileen presioa eta mobilizazioa” behar direla azpimarratu du, eta deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatu.