argia.eus
INPRIMATU
Erandioko Kalezulo gaztetxea desalojo aginduaren zain dago
  • Gaztetxeko kide batek Info7 Irratiari azaldu dionez, desalojo aginduaren zain daude, noiz izango den ez baitakite.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 10a

Duela sei urte okupatu zuten Erandioko gazteek Kalezulo eta, gaztetxeko kidearen esanetan, eraikinaren orduko jabeak ez zeukan arazorik gazteak han egotearekin. Baina nagusi horrek zeuzkan zorren ondorioz, edifizioa Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen, hartzekodunen lehiaketa bidez eraikina saldu eta zorra gutxitzeko.

Gainera, gaztetxeko kideak salatu du Erandioko Udalak “itzelezko presioa” egin duela proiektu autogestionatua eraikinetik kanporatzeko. “Azken finean gustatzen ez zaion zerbait da gaztedi kritiko eta politizatu bat izatea. Gaztetxearen kontra joan dira behin eta berriro. Guk errudun bezala, gehien bat, Udala ikusten dugu”, azaldu du.

“Gaztetxea desalojatzeko modua bide penala izan da”, esplikatu du gaztetxeko kideak. Pertsona zehatz batzuk salatu dituztela azaldu du eta duela bi urte, adibidez, bi lagun epaitu zituztela eraikina okupatu izana leporatuta –biak absolbitu zituzten frogarik ez zegoelako–.

Tailerrak, formakuntzak, eskalada egiteko rokodromoa, jaialdiak… denetik antolatu izan da Kalezulon azken urteetan. Horrek Erandioko bizilagun asko erakarri dituela esplikatu dio Info 7ri bertako kideak eta azpimarratu du mota askotako jendeak erabili duela espazioa. “Batzuetan gaztetxeetan pentsatzean gure imaginarioa fokalizatzen dugu jende mota batean, baina nik uste Erandioko gaztetxea oso-oso anitza izan dela”.

Hemendik aurrera zer gertatuko den galdetuta, gaztetxeko kideak esplikatu du “honek jarraituko duela”: oraindik urrun ikusten dute beste okupazio bat egiteko unea, momentuz Kalezulo hustearen aurrean herritarrek nola erantzuten duten ikusi nahi dutelako.