argia.eus
INPRIMATU
70 urteko emakume bat eta bere biloba etxegabetu dituzte Erandion eta Poliziak bi pertsona atxilotu ditu
Leire Ibar 2024ko azaroaren 12a
Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, proletalgoaren zaurgarritasun egoeraz baliatzen diren mailegu-enpresa horien izaera salatu du. Gedar

Kaltetuari "Tu mejor préstamo" enpresak "iruzur" egin zion orain dela zortzi urte, etxebizitza sindikatuak azaldu duenez. Mailegu enpresak 7.000 euroko mailegua jasotzeko abal gisa etxea jartzera behartu zuen emakumea, eta ez ordaintzean etxegabetze prozesu bati ekin zion.

Emakumeak salatu du instituzioek oraingoz ez diotela bizitegi-alternatibarik eskaini. Hitzezko akordio bat besterik ez duela, ez dakiela zein etxe eskaintzen dioten, eta ez duela kontraturik sinatu, Gedarrek jaso duenez.

 Gedar

08:00ak baino lehen bildu dira dozenaka pertsona etxegabetzea gelditzeko eta familiari babesa emateko. Polizia ere goizean goiz iritsi da eta jendea indarrez kanporatzen hasi da, Gedarrek zabaldutako bideo hauetan ikus daitekeenez.

 

 

Bi pertsona atxilo eraman dituzte. Lehenengo gaztea goizeko bederatziak aldera atxilotu dute, bigarrena, ordubete geroago. Astrabuduako Aldaieta Bidean elkartu direnenen aurka oldartzen jarraitu du Ertzaintzak.

 

Etxegabetzea gauzatzeko 10:30erako deituta zegoen segizio judiziala iritsi da, eta Ertzaintza etxeko atarira sartu da.

 

Etxebizitzara sartu eta ordu erdi pasatu ostean, barruan zeuden pertsonak kanporatzen hasi da Polizia. Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak izan dira eraikinetik irteten lehenak.

 

11:40ean bota dute emakumea bere etxetik. Txalo artean jaso dute kaltetua kanpoan zeuden gazteek eta auzokideek. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du negozioak lehentasuna duela etxebizitzarako eskubidearen gainetik.

Duela sei urte mailegu enpresaren aurkako salaketa bat jarri zuen emakumeak, iruzurra leporatuta. Horren ondorioz, prozesu judizial bat ireki zen, gaur egun ere irekita jarraitzen duena. Baina enpresak etxea bereganatu ahalko du nahiz eta justiziak iruzur bat dela ebatzi.