argia.eus
INPRIMATU
Erandioko alkateari absoluzioa eman eta zinegotzi ohi bat zigortu du epaitegiak
  • Bilboko 2. zigor-epaitegiak ebatzi du Joseba Goikouria Erandioko alkatea eta Asier San Nikolas Hirigintza zinegotzi ohia errugabeak izan zirela Erandiogoikoko Recuperaciones Esma SL txatartegiaren auzian. Itziar Koba zinegotzi ohiari, ostera, zazpi urteko inhabilitazioa eta 8.470 euroko kalte-ordaina ordaindu beharra ezarri dizkio, hutsegite-prebarikazioa egin zuelakoan. Fiskaltzak zortzi urte eta erdiko inhabilitazio-zigorra eskatu zuen maiatzean egindako epaiketan. Epaiaren aurka helegitea ipintzeko aukera dago. EAJk "gazi-gozotzat" jo du ebazpena eta kritikatu du alderdiaren eta alkatearen irudia zikindu gura izan duela oposizioak.

Hiruka .eus 2017ko uztailaren 11
Joseba Goikouria Erandioko alkatea (Arg.: EAJ)

Hala, epaileak ontzat eman ditu García eta Pérez familiak aurkeztutako salaketak. Eurek azkoin-lantegi bat martxan ipintzeko udal-lizentziak eskatu zituzten 2000. urtean, txatartegiaren ondoko lursailean, baina ez zuten erantzunik jaso, behin eta berriro erreklamatu arren. Bitartean, txatartegiak jarduera abiatu eta martxan egon zen 14 urtez, inolako lizentzia barik. Horren aurrean, azkenean sendiak auzitegietara jo zuen.

Epaiak frogatutzat eman du 2009. urtetik Joseba Goikouria Erandioko alkateak bazekiela Recuperaciones Esma SL lizentzia barik jardunean zebilela eta egiten utzi ziola. Halere, epailearen ustean, alkateak ez zuen inolako ekimenik egin ikerketa-espedientea gerarazteko. Bestelakoa da Itziar Koba Hirigintzako zinegotzi ohiagaz hartu duen erabakia. Sententziaren arabera, zinegotzi ohiak enpresa horren inguruko espedientea gerarazi zuen. Horregatik, zazpi urteko inhabilitaziora eta akusazioari 8.470 euro ordaintzera kondenatu du.

Asier San Nikolas Hirigintzako zinegotzi ohiaren kasuan, epaileak ontzat jo du bere jarrera, udaletxean salaketa ipini zutenean Udaltzaingoari agindu ziolako auzia iker zezan.

EAJren jarrera

Euzko Alderdi Jeltzalearen Bizkai Buru Batzarrak prentsa-ohar bat kaleratu du gaurko epaiaren inguruan. Testuan, jelkideek "gazi-gozotzat" jo dute epaia: hala, alde batetik, zorionekoa ikusi dute Goikouriaren eta San Nikolasen absoluzioetan, baina, beste aldetik, ez daude ados Itziar Kobari ezarritako zigorragaz. Alderdiak azaldu duenez, Kobak erabakiko du, datozen egunotan epaiari helegitea ipiniko dion ala ez. Modu berean, Bizkaiko EAJren exekutibak salatu egin du "oposizioaren zenbait talde politikoren jarrera; kontu hau erabili dute alderdiaren eta udal-ordezkarien aurka ezin zurituzko kritikak jaurtitzeko". Alderdiaren ustean, talde horiek auzia "manipulatu" dute, EAJ eta, batez ere, Erandioko alkatea higatzeko asmoz. Hala, EAJk salatu ditu Goikouriaren aurkako "irainak" eta bere irudia zikintzeko asmoa. Horren aurrean, BBBk argi utzi du "politikak denak ez du balio: gezurra botatzea etekin politikoa lortzeko lotsagarria da".

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra