argia.eus
INPRIMATU
Eraldatuta dator Kilometroak jaia
  • Ohiko guneak goitik behera aldatu ditu Kilometroak jaiaren aurtengo edizioak, hitzaldiak ere antolatu dituzte urriaren 2 honetarako eta ezusteko bat baino gehiago prestatu dute. “Jai parte-hartzaileagoa” izango da, “aldarrikapenari toki handiagoa emango diona”.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 27a

Urriaren 2an, Ibarran ospatuko da aurtengo Kilometroak, Irribarra lelopean eta herriko ikastetxe bakarra, Uzturpe ikastola, gidari duela. 1970eko hamarkadan sortua, zailtasunez betetako bidea izan zela azpimarratu du ikastetxeko zuzendariak, jaiaren aurkezpenean. Gaur egungo zailtasunak ere kontatu ditu: ikastolako eraikina proiektu pedagogikora egokitzeko eraberritze lanetan, zimentuak ukitu ziren, istripuz, eta barrakoietara aldatu behar izan dira ikasle ugari, urte eta erdiz. Kanpo espazioa egin gabe gelditu zen eta “tamalez, patioa ez da jolastu, esperimentatu edo kirola egiteko toki aproposena, arriskutsua ere bada”. Kilometroak jaiaren dirua berau egokitzeko erabili nahi da.

Jai eredu berria ere izan dute aipagai aurkezpenean. “Ikastolen jaiak beti izan dira auzolan erraldoia, euskara eta euskal kulturaren plazak, gure proiektuari atxikimendua eta elkartasuna adierazteko ekimenak”, azaldu dute Kilometroak Kultur Elkartetik, jaiak biziko duen eraldaketan azpimarra eginez: “Jai parte-hartzaileagoa, aldarrikapenari toki handiago emango diona, tamainaz gureagoa” izango da, besteak beste.

Eredu berria

“Aurtengo aldaketa nagusietako bat, kultura kontsumitzeaz gain, hura esperimentatzea, bizitzea, parte-hartzea” izango da, antolatzaileen hitzetan. Eta islatuko da prestatu dituzten lau guneetan –aurten guneak ez dira tematikoki edo adinka bereiziko–: “Sormena” gunean, esaterako, tailer bidez eskulanetan edota bertsogintzan aritzeko aukera izango da, baita zirkoan, dantzan eta artisautzan sakontzeko ere. “Haurren hiria” gunean, Francesco Tonucci pedagogoaren filosofiari jarraiki, haurrak erdigunean jarri eta besteak beste “baso majikoa” prestatu dute, ipuinak, fantasia, irudimena eta abentura protagonista. Gipuzkoako 20 ikastolen arteko jolas-joko topaketa ere izango dute eta eguerdian, goizean zehar gazteek eurek kozinatutako jakiekin bazkaria eta kontzertu txikia egingo dute. “Euskal musikaren ibilbidea” eta “Gastronomia” guneek ere eskainiko dute esperimentatzeko aukerarik.

Eguerdiko 12:00etan, gune guztietan une horretan burutzen ari den ekitaldietan etena izango da eta “Txoria-txori” abestuko dute denek batera.

Hiru hitzaldi

Goizeko 10:45ean, gogoetarako parada izango da, hiru hitzaldiren bidez. Jakoba Errekondo eta Javi Rivero “Ama” tabernako sukaldaria tertulian jarriko dituzte, “Baratzetik gastronomiara: iraultza baterako gakoak” gaia abiapuntu. “Ekologista naiz, baina...” hitzaldi-partehartzailea gidatuko du Gorka Egiak, kontsumo ohiturez hausnartzeko. Nerea Mendizabalek, azkenik, “Familia gatazka eta estresaren aurkako pilulak” gaiari helduko dio.