argia.eus
INPRIMATU
Eraldaketa sozialerako lehentasunezko hamar neurri proposatu ditu Eskubide Sozialen Kartak
  • “Alarma egoeran hartu diren neurriek are eta ikusgarriago egin dute gehiengoaren kontra eta gutxiengo baten aldeko logikan oinarritzen den sistema honek ez duela funtzionatzen”, dio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Lehentasunezko hamar aldarrikapen sozial egin dituzte.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 21a
Pasa den urtarrileko greba orokorra (argazkia: Aritz Mutiozabal)

Osasun krisia, sistemaren krisiaren erdian eman dela azpimarratu du Karta Sozialak, sistema kapitalista bera baita “bizitza eta kapitalaren arteko krisia areagotzen duena”. Horren lekuko, duela hiru hilabete eskas milaka lagun bildu zituen greba orokorra, pentsio, lan eta bizitza duinen alde.

Kezkaz bizi dute Karta Sozialaren atzean dauden eragileek egoera: lehenik, “langileen eta oro har herritarron osasuna delako kolokan dagoena epe laburrean”, eta epe ertainari begira, “osasun krisiaren testuingurua baliatuz elite ekonomiko eta politikoen eraso berri baten aurrean kokatu gaitezkeelako”. Hori horrela, “garaia da momentuko egoerari aurre egiteko neurriez gain, zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema berri bat eraikitzeko”.

Hamar neurri jo dituzte lehentasunezko: zerbitzu publikoak garatzea; egoera prekarioenetan dauden kolektiboak babesteko neurri eraginkorrak hartzea; oinarrizko eskubideak bermatzeko neurri zehatzak hartzea; zaintza lanak aitortu eta bermatzea; indarkeria matxistari aurre egiteko premiazko neurriak hartzea; lanpostuen defentsa egitea; informazio eskubidea bermatzea; krisiaren eragina langileek ez ordaintzea; lurraldetutako ekonomia sareak babestea; eta burujabetza bizitza sostengatzea, eskubide eta askatasunen alde, autoritarismoaren aurka.

Astearte honetan hasita, hamar puntu horiek bultzatzeko kanpaina egingo du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.