argia.eus
INPRIMATU
Frankfurteko liburu azoka
Erakutsi nahi duten Espainiaren ifrentzua
  • Aurtengo Frankfurteko liburu azokako ohorezko gonbidatua izango da Espainia. Azoka baliatuz erakutsi nahi duten Espainiaren irudia zalantzan jarri eta Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako literatur sorkuntzen eta egoera politikoaren erakusleiho alternatibo bat antolatzeko elkartu dira Beyond Spain egitasmoko antolatzaileak.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2022ko martxoaren 28a
2009ko azokako irudi bat. Argazkia: Alexander Heimann

Frankfurteko (Alemania) liburu azoka munduko handiena eta garrantzitsuena dela esan ohi da. Handiena, bertan saltzen diren liburu eta, batez ere, eskubideen zifrei erreparatuz gero; garrantzitsuena, urriko egun horietan elkartzen diren agente, argitaratzaile, idazle eta abarrek mundu osoko argitalpenen joeretan duten eragina dela-eta.

Ez da hutsala, ezta ere, azokak bere buruari ematen dion egiteko kulturala. “Haien negozioaren muina ideiek ardazten duten horiek” elkartu eta nazioarteko eztabaidak eta ekitaldi sozio-politikoak nahi ditu haizatu azokak, ikuspuntu desberdinak dituztenak maila berean jarriz elkarrizketa eraikitzaileak sustatuz, antolatzaileek diotenez.

Urriaren 19tik 26ra izango da aurtengo azoka, eta Espainia izango da ohorezko gonbidatua. Gonbidapen hori “estatu proiektu” gisa hartu du Espainiako Gobernuak. La Vanguardia egunkariak jaso zuenez, Luis García Montero Cervantes Institutuko zuzendariak Frankfurteko proiektuaren aurkezpena baliatu zuen esateko espainiarrek ez dituzten gasa eta petrolioa ez direla “egiazko aberastasunak”, baizik eta “Europar Batasunak haragitzen dituen” balio demokratikoak eta giza eskubideak.

Aldi berean, Europako hizkuntzen askotarikotasuna defendatu zuen García Monterok, eta Frankfurten idazle katalan, euskaldun eta galiziarrak ere presente egongo zirela aurreratu. Aurtengoan, Espainiak azokan eduki ohi duen 2.000 metro karratuko guneaz gain hainbat hiritan eta urte osora zabaldu da Alemanian izango duen presentzia.

Aurtengo azokako ohorezko gonbidapenari emandako erantzun gisa Beyond Spain egitasmoa sortu du Alemanian bizi den Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako diasporako jende talde batek. Haien aburuz, Espainiako Gobernuak azken urteetako gertakariek (Kataluniako erreferenduma eta errepresioa, erregea, ustelkeria, VOX alderdiaren igoera…) kaltetutako irudia zuritzeko baliatuko du Frankfurteko liburu azoka. Horretarako, gainera, “sistematikoki baztertzen diren” katalana, euskara eta galiziera Espainiaren “aberasgarri moduan” baliatuko dituztela salatu dute.

Frankfurteko liburu azokak nazioartean sortuko duen arreta katalanen, euskaldunen eta galiziarren hizkuntzak, kulturak, memoria historikoa eta borrokak aurkeztea da Beyond Spain egitasmoaren helburua. Azokak iraungo duen egunetan antolatuko dituzte jarduerak, Frankfurten bertan, azokaren bisitarientzat, sektoreko profesionalentzat eta baita Alemaniako publiko zabalarentzat ere.

Lau ardatzen arabera landuko dute Beyond Spain jaialdiaren edukia. Lehenik, Euskal Herria, Galizia eta Katalunia hizkuntza, kultura eta literatura propioak dituzten nazioak direla azpimarratuko dute; Espainiaren "eszenaratzetik" harago, kultur ekoizpenen eta errealitate politiko eta sozialaren erakusleihoa izango da jaialdia.

Bigarrenik, Espainiako Gobernuak azokarako hautatutako “Sormenez gainezka” lemak “alde iluna” duela azalaraziko dute, artisten espetxeratzea, hizkuntzen bazterketa eta mugimendu demokratikoek jasandako jazarpena gogorarazi dute: “Katalunian, besteak beste, ia 3.000 auzi penal zabalik daude gaur egun”.

Hirugarrenik, Espainian eskuin muturra izaten ari den goraldia ere aipatu dute antolatzaileek, eta salatu dute Francoren diktadurako krimenak egin zituztenei amnistia eman eta polizian, armadan eta justizian egitura frankistek gaur egunera arte “bere horretan” jarraitu dutela.

Azkenik, Espainiaren kolonia ohi izaera ere mahai gaineratu dute antolatzaileek, eta Espainiako “indar eskuindar eta neofrankistek” Latinoamerika oraindik kolonia gisa ikusten dutela. Horregatik, Espainiak mendeetan zehar azpiratutakoei ikusgarritasuna eman nahi diete antolatuko dituzten ekitaldietan.

Hainbat norbanako eta elkarterekin elkarlanean ari dira eta proiektuaren ateak zabalik daude. Zenbat eta jende gehiagok ekarpena egin, orduan eta egitasmo osatuagoa izango dela diote antolatzaileek. Horretarako, norbanakoen ekarpenak ere jasotzen ari dira GoFundMe kanpaina baten bidez.

Finean, Espainiako Gobernuak Frankfurten jarriko duen esparru ofizial horretatik aparteko espazio bat sortzea da Beyond Spain ekimenaren helburua, literatur sorkuntza ardatz izango duena eta “ideia demokratiko, antifaxista eta anti-kolonialen” aldekoa. Liburu azoka ofizialarekiko paraleloa izango da jaialdia, 2022ko urriaren 19tik 24ra, hiriko leku alternatiboetan. Aurrerago emango dute xehetasun gehiagoren berri.