Euskal Herriko hamar LGTB elkartek Harro Plataforma sortu dute, zuriketari eta faxismoari aurre egiteko. Ekainaren 15ean, Guardetxean egingo dute aurkezpen ekitaldia.
Albiste hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.
Euskal Herriko transmaribibollo plataforma aurkeztuko duzue Guardetxean. Harro deitu diozue. Izenaren inguruan izan duzue eztabaidarik?
Ibai Fresnedo: Egia esan, ez dugu plataformaren izenaren inguruko eztabaida handirik izan, hasieratik argi genuelako gure kolektiboaren memoria historikoa eta izaera kolektiboari egin nahi geniola erreferentzia. Batez ere, instituzioek pinkwashing politiken bidez ‘harrotasun’ kontzeptuaren hustuketa politikoari aurre egin nahi genion; harrotasuna gure eginez eta hau berreskuratuz.
Joseba Gabilondo: Ekainaren 28ko harrotasun eguna borroka eguna dela gogoratzeko ariketa bezala ulertu dezakegu. Izan ere, azken urteetan “harrotasun” hori kapitalismoak, honen mekanismo eta estrukturen bitartez, balore eta zentzu politiko guztia kendu eta diruz bete nahian dabil. Horregatik, berriz ere “harrotasunaren” birpolitizazioa ere aurkitzen da Harro izenaren atzean.
Suzko adreilu bat hautatu duzue ikur modura. Memoria ariketa bat ere bada Harro plataforma?
I.F.: Bai, hala da. Harro Plataforma, Euskal Herrian politika eta praktika neoliberalek disidentzia sexualaren identitateez egiten duten erabilera salatzeko sortu badugu ere, memoria historikoaren lanketa egiteko jaio da. Baita gure arteko sareak eta kolektiboen arteko elkarzaintza indartzeko ere.
Eta adreiluaren erabilpenak, gure izaera iraultzailea plazaratzeaz gain, hau guztia ere trasladatu nahi du. Adreilua irmoa baita, jarrera deseraikitzaile eta eraikitzailea islatzen du eta borrokarako arma paregabea iruditzen zaigu. Gainera, adreiluen arteko batasunak kapitalismo heteropatriarkalaren aurrean horma sendoa eta koloretsua osatzen laguntzen du. Erresistentziatik ekintzara pasatzea ahalbidetuko diguna.
J.G.: Adreiluak gainera badauka beste sinbolismo bat ere. Izan ere, aurten 50 urte beteko dira Stonewalleko matxinadak izan zirela. Bertan, Marsha P. Johnson trans errazializatu aktibistak adreilu bat erabili zuen poliziarengatik defenditzeko. Eta nolabait hori gogoratu eta dominazio sistema ezberdinek gu erasotzeko dauzkaten modu guztien aurrean, gure burua defenditzeko, autodefentsa edo kontraerasoak ere hor jarraitzen duela gogorarazten digu.
‘Pinkwashing’-aren garaian, non esango zenukete kokatzen dela Euskal Herriko LGTBI mugimendua?
J.G.: Nik hemen banaketa garbi bat egingo nuke: badaude zenbait LGTB eragile pinkwashing horren zuzendari direnak. Kapitalaren eta botere instituzionalaren eskutik, Euskal Herriko hiri eta herriak gayfriendly etiketa horrekin eta purpurinarekin makillatu nahi dutenak. Horrek guztiak dakarren hiri eta herri ereduak (turistifikazioa, prekaritatea, subjektu bazterreko eta disidenteak ikusezin bihurtu eta baztertzea…) kontuan izanda, beste aldean kokatzen gara transmaribibollo kolektiboak: ikuspegi intersekzional batetik, pinkwashig-aren argi eta garbi aurka.
I.F.: Momentu honetan, dauzkagun baliabide eta indarrekin pinkwashing-ari aurre egitea ez da batere erreza. Instituzioetatik LGTB eragile erreformistei baliabide ekonomiko gehienak bideratzen zaizkie eta horrek planteamendu erradikal eta integralagoak ditugunok bazterretan kokatzen gaitu berriz ere. Sistemak eta bere pinkwashing-ak politika asimilatzaileak eta heteronormatiboak bultzatzen dituelako, eta horren aurrean plaza hartzea konplikatua da eta lan bikoitza eskatzen du.
Eta erakundeak?
I.F.: Erakundeek argi daukate zein den helburua. Hau da, disidentzia sexualaren identitateak instrumentalizatu, komertzializatu eta hustea, banpiroak balira bezala. Gainera, pinkwashing politiken bidez, LGTB kolektiboko subjektu asko (antolatuta ez daudenak) erakartzen dituzte, gehienetan kontsumoaren bidez. Horrek, betiko logika heteropatriarkalari jarraituz, subjektu bakar batzuk kalea eta zentralitatea hartzea ahalbidetzen du: gizon homosexualak, gazteak, zuriak eta burgesak.
J.G.: Erakundeak orokorrean LGTB eragile erreformisten laguntzarekin dira pinkwashing hori egiten dutenak. Hain zuzen ere, zuriketa arrosa horrekin beraien garbiketa da egiten dena. Garbiketa morearekin egiten den antzera, erakundeak feministatzat aurkeztuz. Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiarena da gaur egun Euskal herrietan daukagun adibiderik garbiena. 60.000 euroko makillajearen bidez, Bilbo LGTB eskubideen hiriburu bezala aurkezten dute, atzean helburu garbi batekin: dirua egitea eta Bizkaiko bi erakunderen zuriketa egitea. Hori bai, disidentzia sexualeko hainbat subjektu (trans, bollera, marika…), beste behin, bazterrean kokatuz.
Hauteskunde deialdi ugari izan ditugu azken asteotan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa izan dira eskuin muturrak ordezkaririk lortu ez duen lurralde soiletako hiru. Uste duzue lurralde edo espazio seguruak direla horiek LGTBI pertsonentzat?
J.G.: Hego Euskal Herriko hiru herrialde horiek orokortasun baten hartuta, esan dezakegu LGTB kolektiboaren aurkako biolentzia maila asko jaitsi dela. Dena dela, momentuan momentuko eta tokian tokiko segurtasun hori aldatzen da. Horregatik, ez dugu guardia jaitsi behar eta saretzea, elkar-sostengua eta erasoen aurrean erantzun irmoa ezinbestekoak dira.
I.F.: Hala ere, eskuin muturra ez bada ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan EAJ daukagu. Alderdi bat zeinak bere ideologia eta iruditeri kolektiboaren baitan “jainkoa eta lege zaharra” oso txertatua daukan. Alegia, ezin dugu ahaztu agintean politika neoliberalak txertatzen dituen alderdi kontserbadorea eta tradizionala daukagula; horrek dakarrenarekin.
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, eskuin muturraren presentzia agerikoa da. Egon litezke kolokan orain arte lortutako eskubideak?
J.G.: Egia da eskuin muturraren edo eskuinaren igoerak beldurtzeko arrazoiak sortu ahal dituela. Gainera, eskuinak botere instituzionala hartuz gero, feminismotik lortutako garaipenak kolokan egon ahal dira. Ikustea besterik ez dago Nafarroan Skolae programaren kontrako diskurtso eta praktika. Horren aurrean prestatzeko saiakera ere bada Harro plataforma. Indarrak batu, saretu eta egon al diren erasoen aurrean erantzun irmo eta zuzena emateko.
I.F.: Orain guri dagokigu gorakadan dagoen fenomeno politiko horren aurrean estrategiak markatzea. Ez da erraza izango eta segur aski indar asko kenduko digu. Baina merezi du orain arteko lorpenen alde irmoki borrokatzeak.
Feminismoak azkenaldian bizi duen gorakadak izan du nolabaiteko eraginik LGTBI mugimenduarengan?
J.G.: Eragina zuzena da. LGTB mugimenduaren eta Mugimendu Feministaren ahizpatasuna hor dago. Eta mugimendu batek izan al duen goraka eta garaipenak, bestearengan eragina du. Gainera, transmaribibollo mugimenduaren marko ideologikoa transfeminismoa den momentutik, mugimendu feministarekin espazio ideologikoa komuna da.
I.F.: Dena den, bi mugimenduek asko daukate eztabaidatzeko eta adosteko. Batetik, bizi ditugun amankomuneko zapalkuntzetatik hasi eta subjektu politiko anitzagoa eta zabalagoa eztabaidatzea beharrezkoa dugu. Bestetik, mugimendu feminista eta LGTB mugimenduaren arteko agenda politiko bateratua adostea oso interesgarria litzateke.
Harro plataformaren agendan, zerk du lehentasuna?
J.G.: Harro plataforma bat izanik, gure agenda, bertan gauden kolektiboen agenda da. Dena dela, hasiera honetan badaukagu lehentasunezko erronkarik. Alde batetik, plataformaren jaiotza sozializatzea eta bestetik, Euskal Herrietako transmaribibollo kolektibo ezberdinei plataformaren parte izatera animatzea da, ahalik eta sare indartsuena sortzeko.
I.F.: Bestetik, beharrezkoa dugu kolektiboaren barruan existitzen diren identitate horien guztien inguruko gogoeta eta eztabaida sakona egitea. Orain arte, nazioarteko teoria eta praktiketatik edan dugu; eta honek teorikoki asko jantzi bagaitu ere, hau guztia gure errealitatera egokitzea falta zaigu. Euskal Herri mailako diskurtso propioa garatuz.
Zer topatuko dugu ekainaren 15ean, Guardetxean?
J.G.: Harro plataformaren jedarteratze ofiziala izango da nolabait. Hau da, Harroren jaiotza festa edo. Egun horretarako nahia, Harroren izaera eta sortzearen arrazoiak plazaratzea izango da, gaur egun mugimenduaren baitan dauden zenbait gai azalduz. Saretzean sakontzeko egun aproposa ere izan daiteke. Guardetxean kolektibo eta norbanako ezberdinak batuz eta saretze hori nolabait gorpuztuz.
I.F.: Gainera esan beharra dago Harroren sorrerarekin jende askoren ilusioa areagotu dela. Orain arte beste mugimenduetan militatzen zuten LGTB pertsonak, oso baliabide eta sare gutxirekin herri txikietan egunerokoan LGTBfobiari aurre egiten dioten eragileak, antolaturik ez dauden LGTB pertsonak… Horregatik, pertsona zein eragile hauen guztien ilusioa galdu ez dadin, ekainaren 15ean Euskal Herrietako txoko guztiei Guardetxeko aurkezpenean parte hartzeko deialdia egiten diegu.